Oñatiko udala

Bi bisita gidatu berezi antolatu dira Hurretik egitasmoaren baitan, maiatzerako

2019/05/13
Card image cap
"Oñati beste begirada batetik" gonbidapenaz herriko emakumeak eta Arantzazu ezagutzeko bisitak egingo dira

  Hurretik herri-ondarea transmititzeko egitasmoa da, ezagutzen dena maitatu eta zaintzen dela oinarri gisa hartuta. Ikastetxeetan erabiltzeko material pedagogiko bat lantzen hasi ziren udala eta herriko ikastetxeak elkarlanean. Baina herri-ondarearen transmisioa maila, modu eta adin ezberdinetan egin daitekeela jakitun, publiko zabalago bati zuzenduta, herritarren arteko tertuliak ere egin ziren, eta orain, bi bisita berezi programatu dira, maiatzerako. Oñati beste begirada batetik programazioaren baitan herriko emakumeak eta Arantzazu, beste era batera ezagutzeko, deskubritzeko, bisitak egingo dira.

  Hilaren 19an, EMAKUME IKUSEZINAK bisita egingo da. Zergatik desagertu dira gure historia liburu eta errelatoetatik emakumeak? Ze paper jokatu izan dute herrian? Gaiaren bueltan bi orduko bisita antolatu da. Anton Azpiazuk emakumea eta txokolatea gaia landuko du bereziki eta turismo bulegoko teknikaria, herriko emakume ezkutatu horiek begi bistara ateratzen saiatuko da. Maiatzaren 25ean berriz, Arantzazu izango da hizpide: Zer dakigu Arantzazuz? Zer da liburuek kontatu dutena? Arteaz ala ondareaz hitz egin behar dugu Arantzazuz berba egitean? Ismael Manterolak bere ikuspegia emango du ordubete inguru iraungo duen bigarren bisitan.

  Helburua, herri ondarearen ezagutza eta garrantzia denen eskura jartzea da, haur eta heldu. Aipatu bi bisitak doan izango dira baina parte hartzeko aurrez izena eman behar da Turismo bulegoan.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!