Betik, Ulma Packaging eta NATRAk lanean jarraituko dute, funtsezkotzat jo diren osasun eta elikagaien sektoreetan dihardutelako

2020/03/30
Gainontzeko enpresek jarduna eten egin beharko dute

  Covid-19ari aurre egiteko neurriak gogortu ditu Espainiako gobernuak eta funtseskoak ez diren sektoreetan industria jarduna etetea agindu du, apirilaren 9ra arte. Gaur egokitzapen eguna izan da herriko enpresa askotan; oraindik telelanean ari ez zirenak prestatzeko eta premiazkoak ziren azken lanak burutzeko, lantegiak itxi aurretik. Lanean jarraituko dute ordea, elikagaien sektorean edo osasungintza produktuak ekoizten dituztenak. Halako hiru daude herrian: Natra, Ulma Packaging eta Betik. Gainontzekoek, azken orduko aldaketarik ez badago behintzat, ateak itxi egin beharko dituzte apirilaren 9ra arte. Langileek egun hauetako soldata jasoko dute baina lan-orduak errekuperatu egin beharko dituzte, gerora.

  Hijos de Juan de Garay enpresaren egoera berezia da, gainontzekoekin alderatuta, martxoaren 20an ERTE txostena aurkeztu baitzuen. Berez, bost egunen buruan erantzun beharrekoa zen arren ez dute erantzunik jaso oraindik. ERTEa onartu ala ez, lan eta ordainketa baldintzak ezberdinak izango dira langileentzat.

  Madrilgo aginduaren arabera herrian martxan ziren bi obra nagusiak ere eten egingo dira: Zubikoa kiroldegia berritzeko lanak eta Gipuzkoako urak hoditeria berritzeko Euskadi Etorbidean eta Kalegoiena parean egiten ari den lanak. Azken hauek hornidura ziurtatzeko lotura edo konexio bat egiten aritu dira goizean, bihar jada ez dira lanera etorriko.

  Oñati irratiak eta Kontzejupetik aldizkariak lanean darraite, komunikabideak diren aldetik, funtsezkotzat jo baitira Espainiako gobernuak zabaldu duen aginduan. Oñati irratiak astelehenetik ostiralera arteko emanaldiei eusten die eta Kontzejupetik aldizkariaren apirileko alea gertu da kasik, ostegunean kaleratuko da.    

Iturria: Oñati Irratia