Bertan behera utzi dira Gaztelekutik antolatutako irteerak

2020/07/21
Card image cap
Haur eta gaztetxoen osasuna zaintzeko hartu den erabakiaren berri eman zaie erabiltzaile eta gurasoei

  Oñatitik kanporako ekintzen egitarau zabala antolatuta zuten Gaztelekuan, bai Kubo eta baita Topalekuko erabiltzaileei zuzenduta ere. Lehen irteerak egin-egin dira baina Covid-19aren inguruan nonahi sortzen ari diren fokuak ikusita, irteera berririk ez egitea erabaki da, haur eta gaztetxoen osasuna zaintze aldera. Uztaileko azken bi asteetarako aurreikusita zeuden irteerak bertan behera utzi dira eta horren berri ematen duen oharra zabaldu da guraso eta erabiltzaileen artean.

  Kanporako irteerarik egingo ez denez, Gaztelekuko Kuboa eta Topalekua zabalik egongo dira arratsaldero, 17:00tatik 20:00tara. Gainera, hezitzaileek ahalegin berezia egingo dute herrian bertan egin daitezkeen ekintza berriak asmatu eta eskaintzeko, beti ere bizi den osasun egoerara eta segurtasun neurrietara egokituta. Irteerak bertan behera utzi dituztela jakinarazi duten bezala, balizko eskaintza berri horren informazioa ere emango dute Gaztelekuan eta sare sozialen bitartez, guraso eta erabiltzaileei.

  Orain pare bat aste aurreratu genizuenez, Kuboko erabiltzaileen irteerak ikas-mailaka antolatu dira eta Topalekuko erabiltzaileenak berriz, kuadrilaka. Uztaileko lehen hiru astetarako antolatuta zeudenak egin dira, baina azken bi aste hauetarako zirenak bertan behera uztea erabaki da. Ondorioz, Gaztelekuko zerbitzuan arratsaldero zabalik izango dira, uztailaren 30era arte. Abuztuan, oporretan itxita egongo baita.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!