Berritasun ugari izango ditu aurtengo Korpuztiak

2015/06/05
Card image cap
Iñigo Murgiondo dantzarien kapitain berria da, Ibai Gonzalez San Migelez jantziko da lehen aldiz domekan eta prozesiñoan, guztiz berritu den San Frantziskoren estandartea aterako da

  Eguzkia lagun dantzariak auzorik auzo ibili dira goizean Korpuzti jaien mezua zabaltzen. Arratsaldean,  ikastetxeetan eta Kasablanka, Ugarkalde eta San Martin etxaldeetan dantzatuko dute. Eguneko erronda, San Martin egoitzan amaituko dute.  Eta guztien buru, Iñigo Murgiondo da, Arkaitz Bengoari erreleboa hartuta Korpus dantzarien kapitain berria. Bihar ere, dantzariak mezulari izango ditugu herrigunean Korpus dantzak eskaintzen.

  Baina bada bestelako nobedaderik aurtengo Korpus prozesiñoaren inguruan. San Migelez Ibai Gonzalez jantziko da estreinako aldiz eta zeregin horretan, Julen Kortabarriarekin txandaka arituko dela jakinarazi dute Apostoladuaren kofradiako kideek.

  San Frantziskoren estandartea bestalde, guztiz berritu da. Urre eta zilar hariz brodatutako estandarteak 100 urte pasa ditu eta oso kaltetuta zegoen. Baina brodatuak guztiz kendu eta oihal berri baten gainean muntatu behar ziren. Lan nekeza eta ordu asko eskatzen zituena. Orain bi urte jada lana non eta nola egin zitekeen aztertu zuen Apostoladuaren kofradiak eta Burgoko moja klaratar batzuekin harremanetan jarri ziren. Iazko uztailean, aurreko Korpus prozesiñoa egin eta aste gutxitara, San Frantziskoren estandartea eraman zuten eta guztiz berrituta, pasa den ostiralean ekarri zuten Oñatira. Burgosko Castil de Lences herriko klaratar monastegian berritu dute eta aipagarria da, brodatu tailerreko arduraduna Bidaurretako monastegian egon zela nobizia garaian. Beraz, ezagutzen zuen bai Oñati eta baita Korpus prozesiñoa eta tradizioa ere.

  San Frantziskoren estandartearen inguruan, azken lana, aste honetan bertan egin da, makila babesteko funda berezi bat jarri baita. Kalte txikiak zituzten apostolu batzuen tributuak eta plazan jartzen den aldareko elementu bat ere konpondu dira. Izan ere, urtero, prozesiñoa amaitu eta irudi eta elementu guztiak gorde aurretik, zein egoeratan dauden errebisatzen da eta kaltetutakoen zerrenda osatzen da hurrengo urterako konpontzeko.

  Korpuzti ospakizunek trafikoan ere eragingo dute, erdiguneko kaleak tarteka itxiko dira. Bihar, arratsaldeko lasterketak iraun bitartean eta domekan egun osoan zehar, Unibertsitate Etorbidea eta Txaketuaneko bidegurutzea bitartean errepidea itxi egingo da, lokomotora ondoko errotondatik Aker taberna pareraino bidea itxita egongo da. Ibilgailuak Portu kalera bideratuko dira.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!