Berritasun txiki batzuk izango ditu aurtengo Korpus prozesiñoan

2017/06/16
Card image cap
Aozarazako Mikel Deunaren anda arindu egin da eta palioaren barrualdeko oihala aldatu da

  Dantzariak auzorik auzo ibili dira gaur Korpuzti jaien mezua zabaltzen. Eguneko erronda, San Martin egoitzan amaitu dute.
Eta guztien buru, aurten hirugarren urtez, Iñigo Murgiondo kapitaina joan da. Bihar ere, dantzariak mezulari izango ditugu herrigunean Korpus dantzak eskaintzen.

  Aurtengo jaiaren berritasunak Korpus prozesiñoaren inguruan daude: Aozarazako Mikel Deunaren anda arindu egin da eta palioaren barrualdeko oihala aldatu. Iaz prozesiorako propio Aozarazako Mikel Deunaren irudi berria egin zen, egurrezkoa ordezkatzeko. Herriko santuaren irudi berria beira fibrazkoa da, aurretik ateratzen zena baino dexentez arinagoa. Horrek anda ere arintzeko aukera eman du eta hala egin da, errefortzuko hainbat burdin elementu kendu dira. Kanpotik ez da antzemango irudiaren oinarria bera izango delako baina batera eta bestera daramaten anderoek bai igarriko dute pisu gutxiago duela. Palioaren barrualdeko oihala ere aldatu da. Iaz palioaren kanpoko oihala berritu zen eta horrek agerian utzi zuen barrualdekoa zein zahartuta eta zikin zegoen. Horregatik, barruko oihala ere aldatzea erabaki da.

  Prozesioan apostoluak eta Kristo irudikatuko dituzten herritarrei dagokienean aurreko urteetako errotazioarekin jarraituko da, Kofradiak hartutako erabakia jarraituz. Txandaka San Migel janzten dira baita ere, Julen Kortabarria eta Ibai Gonzalez. Igandean, Ibai Gonzalezek irudikatuko du Mikel Goiaingerua.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!