Oñatiko udala

"Berrekin. Berregin" programaren inguruko informazio saioa egingo da ostegunean Euskaltegian

2016/02/01
Card image cap
Debagoienean ekintzailetasun sozial eta komunitarioa sustatzea da egitasmoaren helburua

  Berrekin. Berregin goi mailako ikasketak dituzten Debagoieneko gazte langabetuei zuzentzen den formazio programa da; goi mailako lanbide heziketa edo unibertsitateko gradu eta lizentziatura dutenei zuzenduta dago eta enpresa proiektu berriak garatzea da helburua, beti ere, ekonomia soziala oinarri hartuta. Horretarako, hiru hilabeteko formazio programa  antolatu da. Egitasmoa otsailaren 29tik maiatzaren 31ra arte luzatuko da eta astelehenetik ostiralera 9.00etatik 14.00tara gauzatuko da. Astelehenetan, formazio saio teorikoak egingo dira; asteartetan, tutoretzak eta sorkuntza saioak, hala, balizko enpresa ideiak sortu eta garatuko dira; asteazkenetan, ekintzailetasun sozialerako erreminta ezberdinak ezagutu eta aplikatuko dira; ostegunetan, ekonomia soziala oinarri duten esperientzia arrakastatsuak ezagutzeko irteerak egingo dira eta ostiraletan, bateratze saioak osatuko dira. Horrela, formazio teorikoa eta praktikoa uztartuko da.

  Berrekin. Berregin Bergarako Udalak eta Mondragon Unibertsitateko Lanki Ikertegiak antolatu duten egitasmoa da eta bigarrena duen urte honetan, Debagoiena osora zabaldu da. Debagoienan ekintzailetasun sozial eta komunitarioa sustatu asmo da, eskualdeko goi mailako tituludun gazteak hartarako formatuz.

  Egiasmoan parte hartu ahal izateko, goi mailako ikasketak izan behar dira eta langabezian egon edo lan jardunaldi partzialean aritu. Euskara jakitea eta gizarte mugimendu, elkarte edo antzerakoetan ibilbide bat egina edukitzea ere kontutan hartuko da. Baina bereziki, motibazio pertsonala hartuko da kontutan. Talde gisa, ahalik eta gizatalde heterogeneoena osatzea da helburua disziplina ezberdinak landu dituzten lagunak bilduz. Berrekin. Berregin egitasmoari dagozkion formazio saioak Bergaran egingo dira baina horren berri emateko hitzaldi informatiboak eskualdeko herri handienetan egingo dira. Oñatin, ostegunean aurkeztuko dute, euskaltegiko aretoan 18.30tan.

  Berrekin.Berregin egitasmoan parte hartzeko izen ematea zabalik dago otsailaren 15a arte. Argibide gehiagorako www.berrekinberregin.com atarian sartu daiteke.


Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!