48 gai aztergai arratsaldeko tokiko gobernu batzarrean

2011/11/18

  Berezao auzoan ekinoterapia eta zalditegi jarduerarako espedientea aztergai izango da arratsaldeko tokiko gobernu batzarrean. Ludotekan urtero egin ohi den jostailu erakusketa ere hizpide izango da.

  Guztira, 48 gai zerrendatu dira gobernu taldearen aste honetako bilerarako. Hirigintza eta lurralde antolamendu batzordearen eskutik, Berezaon, zaldiekin erlazionatutako jarduera berri bat martxan jartzearen inguruko gaia aurkeztuko da. Publikoari irekitako zalditegi bat muntatu asmo da. Baina jarduerak helburu bikoitza izango du, zaldian ibili nahi duen orori irekita egoteaz gain, zaldiekiko harreman terapeutikoa ere landuko baita.

  Hainbat lan egin, amaitutako obren ordainketa edota negozio berriak irekitzeko baimen eskaerekin batera, Kiroldegiko eta Kalegoienako aparkalekuetan izan diren hainbat kalteren konponketa gaia ere aztertuko da.

  Euskara eta hezkuntza batzordearen eskutik berriz, jostailu erakusketa egiteko proposamena eztabaidatuko da. Ekintza ez da berria gurean. Txaloka ludotekaren programazioan urterokoa bihurtu da jada. Gurasoek haurren adinera eta interesetara egokitzen diren jostailu ezberdinak ezagutu ditzaten antolatzen den erakusketa da. Euskaraz ekoitzitako jostailuak ikusgai jartzeko ahalegin berezia egiten da. Iaz gainera, halako produkto didaktikoak dituzten herriko dendei parte hartzeko gonbidapena egin zitzaien. Aurten ere, Durangoko euskal liburu eta disko azoka eta Gabonak hurbiltzen ari diren honetan, jostailu erakusketa antolatzen ari dira.