Berdintasun kontseilua sortzeko saio irekia egingo da irailaren 19an

2018/09/14
Berdintasun arloan udalak aplikatuko dituen politiken gidaritza markatuko duen taldea eratzea da helburua

  Oñatiko Berdintasun Kontseilu herritarra osatzeko egin asmo diren hiru bileretan lehena asteazkenean, hilaren 19an egingo da, udaletxeko areto nagusian. Urrian eta azaroan beste bilera bana egingo da, urte amaierarako kontseilua eratuta egotea nahi  baita.

  Berdintasun arloan udalak aplikatuko dituen politiken gidaritza markatuko duen talde sendoa eratzea da helburua eta hiru bilera hauetan kontseiluaren oinarriak, osaketa eta funtzionamendua zehaztu behar dira. Aurrez, ekainaren 30ean, gaiaren inguruko lehenengo bilera irekia egin zen eta bertaratu zirenei, beste herri batzuetako esperientziak azaldu zitzaizkien, Hernani, Azpeitia edo Errenteriakoak, kasu. Orain, Oñatiko eredua zehaztea tokatzen da.

  Herriko emakume guztiak gonbidatzen dira Berdintasun Kontseilua sortzeko prozesuan parte hartzera. Hurrengo hitzordua, esan bezala, asteazkenean, hilaren 19an, udaletxeko areto nagusian egingo den bilera irekia da, 18;30tan hasiko da.

Iturria: Oñati Irratia