Belatxara gasolindegian zoruaren kalitatea aztertzeko zundaketa lanak egingo dira.

2014/02/28
Laginak hartzeko hodiak 5-7 metroko sakoneran sartuko dira.

  Gasolindegietako erregai tankeak egoki isolatuta daudela eta inguruko lurzorua kutsatzen ez dutela ziurtatzeko azterketa da Repsol enpresak Belatxara gasolindegian egingo dituen hauek. Izaera bereziko zundaketa lan hauek egin ahal izateko ordea, udalaren baimena behar da eta hori eskatu berri du RCPP Repsol Comercial de Productos Petrolíferos, S.L. enpresaren izenean, Urs España izeneko enpresak.

  Udalari aurkeztutako dokumentazioaren arabera, 5-7 m sakonerako 5 zundaketa egingo direla zehazten da. Baina azpiegiturak ekiditeko zulatu aurretik laginak egingo dira. Hodiak babesteko bestalde, arketa metalikoak jarriko dira. Lanen helburua, esan bezala, gasolindegi inguruko zoruaren kalitatearen azterketa egitea da.

  Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak lan horiek egiteko oniritzia eman du. Eta udaleko hirigintza batzordearen aldeko irizpena jaso ondoren, Tokiko Gobernu Batzarrak hartarako baimena ematea ere erabaki du. Baina baldintza bat jarri du, zundaketak egingo diren inguru osoa hesiekin babestu beharko dela eta sarrera-irteeren segurtasuna bermatzeko neurriak jarri beharko direla.

Iturria: Oñati irrati

Argazkia: A. Arlanzon; Oñatiko Udal Artxiboa