Bederatzigarren “mikopoteoa” egingo da larunbatean Arantzazun

2019/11/12
Card image cap
Autobus zerbitzu berezia jarriko da Oñatitik joan-etorria egiteko

  Arantzazun urtean antolatzen diren ekintzetan arrakastatsuenetakoa da udazkeneko mikopoteoa. Mikologia eta gastronomia zaleek estima handian dute eta jende ugari biltzen da, festa giroan. Horren jakitun, Oñati eta Arantzazu arteko autobus zerbitzu berezia jarriko da zapatu arratsalde-ilunkaran. Zerbitzua Oñatitik, 17:20tik  22:00tara 40 minuturo beteko da eta   Arantzazutik 17:40tik 22:20tara,, 40 minuturo baita ere. Postetxe aurrealdean izango da herriguneko geltoki bakarra.

  Larunbatean bederatzigarren mikopoteoa ospatuko da. Arantzazuko Adiskideak Elkartea, Arantzazu Gaur Fundazioak eta Parketxeak, bertako ostalariekin batera antolatzen dute.

  Udazken garaian perretxiko zale asko hurbiltzen dira Arantzazura onddoak eta perretxikoak biltzeko asmoz. Zale hauei eta batu gabe ere jatea gustoko dutenei zuzentzen zaie mikopoteo jardunaldia. Gandiaga Topagunean hasiko da, Raul Fraile adituak emango duen hitzaldiaz: Magia mikologikoa: perretxikoen inguruko gauza harrigarriak. 18:00tan izango da eta perretxikoen inguruko hainbate kontu jakingarri azalduko dira gazteleraz emango den hitzaldian. Ordubete inguru iraungo du eta ondoren hasiko da mikopoteoa. Arantzazuko-zirkuitoa Zelai Zabal jatetxeak, Arantzazuko Santutegia hotelak, Goiko-Bentak, Sindikak eta Milikuak osatuko dute. Mikopote bakoitzaren prezioa, 2 € izango da.

  Aisia, kultura, natura eta gastronomia uztartzen dituen ekintza hau Arantzazun urtean zehar egiten direnetan arrakasta handien duenetakoa bihurtu da. Aurtengo ekitaldian ere, mikologia gai interesgarriaren inguruan ikasiz arratsalde entretenitua pasatzeko gonbidapena egin dute antolatzaileek.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!