Oñatiko udala

Batzar Nagusietan aurkeztu ondoren, Foru aldundiak, 2013ko aurrekontu proposamena eskualdez eskualde azalduko du etzitik aurrera.

2012/11/13
Debagoienean, Bergaran izango da zita, hilaren 27an.

  Batzar Nagusietan aurkeztu zen aurrekontu proposamenaren arabera, Gipuzkoako foru Aldundiaren aurrekontu osoa 3.987 milioi eurokoa izango da, aurten baino %1,67 txikiagoa, nahiz eta 2013rako zerga bilketa % 4,37 igotzea aurreikusten den. Hala, gastuari dagokionez, zorpetzea kontrolatuta izateari garrantzia ematen dio Aldundiak eta “gutxiago eta hobeto” gastatzeko filosofiari eutsi dio aurrekontu proposamena osatzerakoan.

  2013ko aurrekontu proposamen hori gipuzkoarren ordezkari politikoei Batzar Nagusietan aurkeztu ondoren, herritarrei beraiei zuzenean presentatzeari ekingo dio orain Foru aldundiak, eskualdekako hitzaldi-solasaldi erronda eginez.

  “Herritarrekin” egitasmoaren baitan egingo den bigarren erronda honetan, 2012ko balantzea eta 2013ko aurrekontuen aurkezpena egingo du Diputazioak Aldun Nagusia buru dela.

  Gipuzkoako Foru Aldundiaren politikaren ardatzetako bat herritarren parte hartzea da, eta ildo horretatik, aurrekontuak herritarrekin lantzeak berebiziko garrantzia du. Iaz, Diputazioak aurrekontuak egin ondoren jo zuen gipuzkoarrengana, haien berri ematera, eta aurten, aurrekontuak egin baino lehen jaso du herritarren iritzia.

  Orain, aurrekontuak osatuta daudela, Foru Aldundiko ordezkariak berriro itzuliko dira herrietara, Martin Garitano diputatu nagusia buru dutela, 2012ko aurrekontuaren balantzea plazaratu eta 2013ko aurrekontu proposamena aurkezteko.

  Hamar bilera antolatu dira lurraldeko beste hainbeste herri eta eskualdetan. Egitasmoa, Errenterian abiatuko da etzi bertan, eta Eibar, Irun, Tolosa, Zarautz, Beasain, Azpeitia, Donostia eta Hernanin gauzatuko da. Debagoienari dagokionean, zita Bergarako Zabalotegi aretoan izango da hilaren 27an. Bilera guztiak arratsaldeko 7etan hasiko dira.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!