Batxilergoko aurre-matrikula epea zabalik dago 2020-2021 ikasturterako

2020/05/05
Card image cap
Txiki txoko haur eskolan alarma egoera bertan behera uzten denean abiatuko da matrikulazio prozesua

  Batxilergoko aurre-matrikula eta Partzuergoko haur eskoletako matrikula parean etorri ohi dira baina indarrean den alarma egoerak aldaketak eragin ditu Haurreskolak partzuergoko zentroetan. Alarma egoera bertan behera uzten denean iragarriko da 2020-2021eko matrikulazioa noiz eta nola egin. Partzuergoko web atarian argitaratuko da.

  Oñatiko Txiki Txoko haur eskolan, matrikula etengabe zabalik egoten da plazak bete bitartean baina orokorrean iragartzen diren epeak ere publizitatzen dituzte, guraso berrien artean oihartzun handiagoa lortze aldera. Haur eskola itxita dago baina matrikula garaiko dokumentazioa eta informazioa gertu utzi zuten epea ofizialki zabaltzen denerako. Ate irekiak eta bertatik bertarako bisitak egiteko zailtasunak ikusten dituzte haur eskolako arduradunek une honetan baina bideoen bidez instalazioak erakusteko asmoa azaldu digute. Dena den, hori, Partzuergoak matrikulazio epea ireki ondoren izango da. Bitartean, haurrak etxean daude eta maiatza-ekainean hastekoak zirenen gurasoei ere, hasiera hori atzeratu beharko dela jakinarazi diete.

  Batxilergo mailan bai aurre-matrikula epea zabalik dago maiatzaren 22ra bitartean. Aurre-matrikula online egin liteke edo modu presentzialean, baina kasu honetan ikastetxearekin aurrez harremanetan jartzea gomendatzen da, administrariak etxetik ari direlako lanean eta zentrora momentu konketuetan soilik joaten direlako. Batxilergo mailako ikasketetan ez da aldaketa handirik izaten eta normalean DBH ikasi duten zentro berean jarraitzen dute ikasleek eta aurre-matrikula tramitea ez da bete behar. Oñatin ez da leku arazorik izaten eta ekainean irekiko den matrikula epean izena ematea nahikoa izango da. Baina plazak bete ohi diren zentroetan, hiri eta herri handietan esaterako, aurre-matrikula betetzea garrantzitsua da lekua gordetzeko.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!