Bailarako emakumeen elkarretaratzea egingo da Elorregin domeka eguerdian

2019/02/21
Card image cap
Martxoaren 8ko greba feministarako girotze ekitaldi gisa antolatu da

  Iaz ere eskualde mailako ekitaldia antolatu zen Elorregin. Oñati, Bergara eta Arrasatetik iritsitako martxek bat egin zuten eta San Prudentzioko errotonda amantal morez eta kartelez apaindu zuten. Domekan elkarretaratzea errepikatuko da Elorregiko bidegurutzea Debagoieneko emakumeen bilgune bihurtuz. Ekintzarekin, martxoaren 8an munduko emakumeek greba feministan bat egingo dutela irudikatu nahi da.

  Bailarako herriguneetatik Elorregirako martxak, herririk herri antolatzen ari dira. Oñatin, parte hartzeko asmoa duten emakumeak Eltziara deitu dira, goizeko 11:00tarako. Bertatik, autoz eta bizikletaz Elorregira joango dira eta eskualdeko beste emakumeekin elkartuko dira. Elkarretaratzea eguerdian hasiko da eta 20-30 minutuz luzatuko da. 

  Etxeko amantalak eraman eta morez jantzita joatea eskatu da. Aurten ere, amantalak, emakumeen etxeko eta zaintza lanen lekuko bihurtuko baitira. Martxoaren 8an amantalak leihoetatik eskegitea eskatzen da eta domekakoa, martxoaren 8a girotzeko ekitaldi gisa antolatu denez, Elorregiko errotonda inguruan ere amantalak astinduko dira. 12:30tan, Oñati eta gainontzeko herrietarako itzulera martxa egingo da.

  Bizitza erdigunera ekarriko duen gizarte sistema aldarrikatuko da martxoaren 8an. Eta gehienetan diruz ordaintzen ez den zaintza lanaren balioa ikusarazi nahi da, 24 orduz halako lanak egiteari utzita. Hori da aurtengo deialdiak duen berritasuna, iaz egin zen hainbat ordutako greba, egun osokoa bihurtuko dela. 24 orduko greba zaintzan, lanean, ikasketetan eta kontsumoan. Baina greba feminista ez da jardun gabeko eguna izango, goizean goizetik hasi eta iluntzeraino luzatuko den aldarrikapen eta ospakizun egitaraua prestatzen ari baita Oñatiko Sare Feminista. Aurrerapen gisa, eta martxoaren 8ko plantoa girotzen hasteko, bailarako emakumeen martxa egingo da Elorregira igande eguerdian.
 

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!