Baheketa egiten ari dira ikastolako bigarren hezkuntzako ikasle eta irakasleen artean

2021/02/11
Online bidezko eskolak hartzen ari dira etxetik

  Covid kasu positiboak asko ugaltzen ari direla ikusita Txantxiku ikastolako bigarren hezkuntzako ikasle eta irakasleen artean baheketa egitea erabaki du Epidemiologia departamentuak. DBH eta batxilergoko ikasleei eta irakasleei PCR probak egiten hasi zaizkie arratsaldean anbulatorioan. Probak egitetik salbuetsita daude aurretik etxeratuta zeuden lau geletako ikasleak edota azken 3 hilabetetan PCR edo antigeno proban positibo eman dutenak. Beste guztiei PCRa egitera joan daitezen eskatu zaie ikastolatik, derrigorrezkoa ez den arren komenigarria dela azpimarratuta.

  Ikasle gehienak adin txikikoa izanik, gurasoen baimena eskatu da eta hala eman duten ikasleen zerrendak osatu dira, proba egiteko ordu-txandak zehaztu direlarik. Arratsaldean zehar gaztetxo eta irakasleak osasun etxera joango dira baheketan parte hartzera. Goizean bigarren hezkuntzako ikasleak etxean egon dira eskolak online jasotzen. Bihar ere hala jarraituko dute. Gauzak ondo, aurrez aurreko eskoletara itzuliko dira datorren ostegunean, inauteriak tarteko, astelehen, astearte eta asteazkenean jai baitzuten eskola egutegian.

  Txantxiku ikastolako HH eta LH-n eskolak normaltasunez ematen ari dira. Covid positiboren bat edo berrogeialdia betetzen ari den ikasle batzuk dauden arren, kasu isolatuak dira, eta egoera, maila horretan kontrolpean dagoela dirudi.

  Txantxiku ikastolako lau gela itxita daude une honetan, lehenengo batxilergoko biak eta DBHko beste bi. Zuazola-Larraña institutuan ere bigarren batxilergoko gela itxita dago otsailaren 2tik.   

Iturria:Oñati Irratia