Azkoagain futbol zelaiko aldagela zaharren eraikina eraitsiko du Udalak

2020/07/01
Behera botatze lanak uztaila amaieran egin asmo dira

  Azkoagain futbol zelaian 2008an egin ziren azken erreforma eta berritze lanak; belar naturala kendu eta artifiziala jarri zen. Baina aldagela zaharren eraikina ez zen ukitu. Futbol sailak bertan dauden bulegoak erabiltzen jarraitu du hainbat urtez, biltegi edota fisioterapia zerbitzua eman ahal izateko, baina eraikina zahartuz joan da. Une honetan ez ditu gutxieneko osasun baldintzak betetzen eta halaxe egiaztatu ahal izan dute Udaleko Hirigintza departamentuko teknikoek.

  Eraikinarekin zer egin aztertu da, berriztatu edo eraitsi. Orain 12 urte jarri zen belar artifiziala ordezkatu eta instalazioen berriztatze sakona epe ertain batean egin beharko dela aurreikusita, aipatu aldagela zaharren eraikina botatzea erabaki da.

  Hiru eraikin-enpresari eskatu zitzaien eraiste lanetarako aurrekontua eta proposamen merkeena aurkeztu zuenari esleitu zaizkio lanak, Lurkide hondalanak enpresari, ia 22 mila euroren truke. Eraikina eraitsi ez ezik, ingurua garbitu eta hormigoizko zapata eta zolarria egin beharko ditu.

  Udal brigada taldeko langileak aldagela zaharren eraikina husten aritu dira. Eraiste lanak uztaila amaieran egitea aurreikusten da, hainbat futbol taldek Azkoagainen entrenatzen jarraitzen baitute. Denboraldia ohikoa baino beranduago baino amaitzear dago. Instalazioak ixten direnean hasiko dira aldagela zaharren eraiste lanak.

Iturria: Oñati Irratia

Aldagela zaharrak gradaren ezkerraldean