Azkoagain futbol zelaia birgaitzeko aukeren azterketa eskatu du Udalak

2019/03/12
Card image cap
Belar artifiziala ordezkatu eta aldagelen instalazioak egokitzeko oinarrizko proiektua osatuko da

  Azkoagain futbol zelaiaren instalazioak zaharkituta eta birgaitze lanen beharrean daude. Udal futbol zelaiaren azken erreformak 2008an egin ziren. Orduan, belar naturala belar artifizialaz ordezkatu zen eta behin behineko erabilerarako aldagelak egokitu ziren, beste hainbat lanen artean.

  Belar artifizialeko zelaiaren erabilpen epealdia 10 urtekoa zen baina dagoeneko 11 urte pasatu dira jarri zenetik. Behin behineko aldagelak berriz txiki geratu ez ezik, zaharkituta daude eta egoera geroz eta eskasagoan. Horri, aldagela zaharren eraikinaren baldintza txarrak batu behar zaizkio. Aldagela berriak jarri zirenetik zaharren erabilpena baztertuaz joan da, halabeharrez, hain handi batean, eraikinaren egoera geroz eta okerragoa baita. Osasun eta segurtasun baldintzek kasik erabiltezin bihurtu dute aldagela zaharren eraikina eta bota beharrean dagoela esan daiteke.

  Azkoagaingo zelaiaren eta instalazioen egoera txarra ikusita Aloña Mendiko futbol sailak instalazioak berritzeko eskaera egin zion udalari, iaz. Ezertan hasi aurretik berriztatzeko oinarrizko proiektua egitea erabaki du udalak eta horretarako GIRDER Ingenieros SL enpresara jo du. Azkoagaingo azpiegiturak egun nola dauden ikusi, etorkizun hurbilean futbol instalazioen erabilera beharrak definitu, eta horietara egokitzeko proposamen teknikoa egin beharko du GIRDER enpresak. Azkoagain futbol-zelaia birgaitzeko aukeren azterketa  lana 3 hilabetetan egitea eskatu da. aurrekontua berriz, 9.500 euro BEZ kanpo da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!