Azken lau urteetan egindako lanean sakontzeko helburuz, pertsonak lehenesten dituen programa aurkeztu zuen EH Bilduk ostiralean

2015/03/30
Udal hauteskundeetarako hautagaien zerrenda ere presentatu zuen

  Egungo udal taldea osatzen duten hiru lagunek eta beste 17 aurpegi berrik osatzen dute EH Bilduko zerrenda maiatzeko hauteskundeei begira. Aurrez jakina zenez Mikel Biain Berraondo izango da alkatetzarako hautagaia eta zerrendan, Oier Irizar eta Nerea Zubia egungo zinegotziekin batera beste 17 herritar aurkeztu ziren ostiral arratsaldeko ekitaldi politikoan. Orokorrean talde gaztea eta gizon eta emakumeen artean parekidea dena aurkeztu zuen koalizio abertzaleak. Izen batzuk aipatzearren, Irati Etxeberria, Borja Moiua, Ana Matin, Gari Ibarzabal, Leire Zumalde, Rafael Kortabarria edota Maider Usandizaga dira EH Bilduren hautagaitza osatzen dutenetako batzuk. Guztira, 20 laguneko hautagaitza aurkeztu zen. Hautagai bakoitzak zerrendan hartuko duen lekua oraindik zehazteko ei dago.

  Sinbolikoki aulkiak bata besteari utziaz, lekukotza eman zieten orain lau urteko zerrenda osatu zutenek hautagai berriei. Horixe baita EH Blduk legealdi berrian egin asmo duena, orain lau urte hasitako lanean sakondu, alegia. 2011tik egindako lanak aurrera egiteko ezagutza eta eskarmentua eman diela aitortu zuen Mikel Biain alkateak.

  Datozen lau urtetarako asmoen lehen zertzeladak azaltzerakoan, orain arte bezala, pertsona lehenesten duen jendartea eraikitzearen alde lanean jarraituko dutela esan zuen Biainek. Bidegorri sarea osatzen, mendi eta baso publikoak babesten eta hondakinen kudeaketa arduratsuan jarraituko dutela adierazi zuen. Kultura sustatzaileen alde, eraikinen paretetatik haratagoko egitasmoak babesten edota herriko kirol ekipamentuak hobetzen jarraitzeko urratsak emango dituztela ere aipatu zuen.

  EH Bilduren ekitaldian Xabier Olano Ahaldun Nagusietarako hautagaiak ere parte hartu zuen. Diputazioari begira dituzten lau oinarriak azaldu zituen: ongizatea, enplegua, fiskalitatea eta euskara.

  Xabier Olano Donostian atzo egin zen aurkezpenean ere izan zen. Ekitaldian EH Bilduren Batzar Nagusietarako hautagaitzak azaldu ziren. Iosu Lizarralde oñatiarra, Deba-Urola eskualdeetako zerrendan seigarrena izango da.

 

Iturria: Oñati Irratia

EH Bilduko hautagaiak