Azken hilabeteetako joera apurtuz, langabeziak behera egin zuen martxoan Oñatin eta %10aren azpitik kokatu da berriro.

2013/04/09
% 9.87 da herriko langabezia tasa une honetan.

  Edo beste era batera esanda, otsaila amaieran baino Oñatiko 15 langabetu gutxiago daude Lanbideko zerrendetan.

  Langabeziaren jaitsiera honek azken hilabeteetako joera apurtu du. Pasa den abendutik herriko langabetuen kopuruak etengabe gora egin du. Hiru hilabetetan, 67 langabetu gehiago erregistratu ziren gurean. Martxoan ordea, joera irauli da eta 15 langabetu gutxiago kontabilizatu ziren. Hile akaberan, Oñatiko 518 lagun zeuden enplegu zerbitzuan izena emanda. Horrek, langabezia tasa puntu eta laurden murriztea eragin du. Orain, otsaileko goreneko %10aren tasa psikologikoa leundu da eta %9.87ko langabezia dugu.
Aipagarria da langabeziak, bereziki behera egin duela 25 eta 44 urte bitarteko gizonezkoen artean eta 45 urtez gorako emakumeen artean.

  Orain urtebeteko datuekin konparatuta berriz, langabezia datuak ez dira hain onak. Iazko martxoan baino 60 langabetu gehiago baititugu egun herrian. Lanik gabe zeuden eta dauden horiei sexuari erreparatuta urtebeteko tartean gizonezkoen langabeziak egin du nabarmen gora. Lanik gabe geratu den emakume bakoitzeko, egoera berberean geratu den hiru gizonezko izan baitira azken urtean. Horrek, gizon eta emakume langabetuen arteko proportzioa parekatzera jo du. Oraindik, gehiago dira lanik ez duten emakumeen portzentajea baina joera, murriztea da eta lanik gabe dauden gizon eta emakumeak erdi eta erdi izatea da. Adibiderako, iazko martxoko datuak hartuko ditugu berriro. Orduan, lanik gabe zeudenen %58 eta erdia emakumezkoak ziren bitartean, egun, egoera horretan dauden emakumeak, langabetu guztiekiko %54a dira.

  Oñatin bezala, Debagoienean orokorrean ere langabeziak behera egin zuen pasa den hilean. Antzuolan eta Bergaran otsailean baino langabetu gehiago erregistratu baziren ere, gainontzeko herrietan behera egin zuen langabeziak. Gipuzkoan ere, apur bat behera egin du langabetuen kopuruak martxoan zehar.

Iturria: Oñatiko udala