Azken 17 urteko langabezia tasarik altuena erregistratu zen pasa den hilean Oñatin; %9,41.

2012/11/08
Urrian, Oñatiko 37 langabetu gehiagok eman zuten izena Lanbideko bulegoan, dagoeneko, 494 dira.

  Langabeziari dagokionez, jasota dauzkagun daturik zaharrenak, 1995ekoak dira eta ordutik ez dugu %9tik gorako langabezia tasarik neurtu. 2010eko otsaila amaieran, justu %9ko tasa erregistratu zen Oñatin, baina ondorengo hilabeteetan hortik beheragoko tasak izan ditugu. Azken hilabetean ordea, langabetu kopuruak nabarmen gora egin du, Oñatin, 37 langabetu gehiago erregistratu dira eta horrek tasa aipatzen ari garen %9tik gora dexente eraman du. Une honetan, Oñatiko langabezia tasa % 9,41 da, azken 17 urteotako altuena.

  Esanguratsua da bestalde orain urtebeteko datuekin konparatzen badugu. Iazko urri amaieran, 315 langabetu zeuden Oñatin. Urtebetera, 494 dira egoera berean daudenak, esan bezala, 179 lagun gehiago. Portzentajetan, herriko langabezia tasa kasik 3 puntu eta erdi igo da 12 hilabeteotan.

  Pasa den hilean, kopuru txikian baina langabeziak behera egin zuela azpimarratu genuen baina hilabete bateko gora behera puntuala izan zen nonbait, urriko datuek errealitate gordinera ekarri baikaituzte. Gure inguruan nagusi den errealitate gordinera. Oñatin bezala, Debagoienean, Gipuzkoan eta Hego Euskal Herrian langabeziak etengabe gora egiten jarraitzen baitu.

  Esanguratsua da, azken hilabete honetan Debagoiena osoan, 117 langabetu gehiago erregistratu direla. Horietatik 3tik bat oñatiarra da. 

  Oñatin, azken hilabetean langabeziak nabarmen gora egin du esan bezala,  adin tarte guztietan eta emakume nahiz gizonezkoen artean.

  Udal mailan, langabeziak azken hilabetean izan duen gorakada handi horren balorazioa egiten ari dira.
Sozioekonomia Foroan jada, herriko enpresen momentuko egoera ezagutzeko halako erronda moduko bat egitea ontzat eman zen. Udal ordezkariak, enpresaz enpresa joango dira, bakoitzean bizi den egoera ikusi eta dituzten arazo eta zalantzen inguruko informazioa batzeko asmoz.  

Iturria: Oñati irratia