Azaroaren 25aren inguruko ekitaldietan parte hartzeko deia luzatu dute Udalak eta Sare Feministak

2019/11/20
Ekintza ugari antolatu dira aurrekok eta ondorengo egunetarako

  Oñatiko sare feministak eta udalak elkarlanean antolatu dute azaroaren 25aren inguruko ekintza egitaraua. Lehen ekitaldia pasa den ostegunean egin zen, Amelia Barquinek zuzendu zuen solasaldian hizkuntza, genero, arraza eta klaseaz aritu ziren. Gaur berriz, ipuin kontaketa saio bikoitza egingo da liburutegian Coralia Rodriguez narratzaile kubatarraren eskutik. Lehenik, 7 urtetik gorako haurrei Había una vez un cocodrilo verde ipuina azalduko die haur liburutegian, 17:00, eta ondoren, 19:00tan, helduei zuzenduta, Cosas de mujeres saioa osatuko du.

  Bihar eta hilaren 28an, hitzaldiak izango dira Kultur etxeko goiko solairuan. Baliabide pedagogikoak indarkeria matxistei aurre egiteko estrategi moduan berbaldia eskainiko dute bihar SETEMeko ordezkariek eta datorren astean Zaharahalduntzea. Zahartze prozesua begirada feministatik gaiaz arituko da Irati Mogollon. Tartean, Papinak antzerki emanaldia eskainiko da Santa Ana aretoan, ostiral gauean, 22:00tan. Ostiralean baita ere, Eltziako Lagun leku elkarteak antolatuta, hitzaldia izango da. Axun Zelaiak emakumeen aurkako indarkeriaz berba egingo du. Amaieran, txokolatea eskainiko zaie bertaratutako guztiei.

  Baina egitarau zabal honen muina eta egun nagusia azaroaren 25a da, indarkeria matxistaren aurkako nazioarteko eguna. Emakumeen kontrako indarkeria salatzeko elkarretaratzea egingo da Foruen plazan, 19:00etan. Elkarretaratzearekin batera, Indarkeria martxistaren izeberg-a ekimena egingo da, agerikoak diren indarkeria adierazpenen azpian dauden bestelako adierazpen sotil eta ikustezinak agerian jartzeko.

Iturria:Oñati Irratia