Auzo-taxi zerbitzua datorren astean jarriko da martxan

2016/06/17
Erabiltzaileek beharrezkoa duten txartela udaletxean jaso dezakete jada

  Hori, baldin eta txartel pertsonalizatua egiteko argazkia aurrez eraman badute. Halakorik egin ez duenak, argazkia udaletxean utzi beharko du eta egun gutxira, berriro bertatik pasa, erabiltzaile txartela jasotzera. Izan ere, auzo taxi zerbitzua erabili ahal izateko, erabiltzaile txartela ezinbestekoa izango baita.

  Auzo-taxi zerbitzua datorren astean jarriko da martxan. Zerbitzua erabili nahi duenak, txartelean bertan agertzen den telefono zenbakira, 943 915211 zenbakira deituta eskatu beharko du, beti ere, 24 orduko aurrerapenez. Dagokion taxi gidaria, eskatutako ordurako baserrira joango da eta bidaia eginda, erabiltzaileak 2 euro ordainduko dizkio. Taxi gidariak, egin duen bidaiaren albarana bete beharko du ondoren, erabiltzailearen txartel zenbakia, bidaiaren nondik norakoa eta data zehaztuz. Hile akaberan, taxilari bakoitzak egindako bidaia-albaranak aurkeztuko ditu udaletxean eta zerbitzuen ordaina jasoko du.

  Erabiltzaile txartelen atzealdean, auzo taxi zerbitzuaren ordutegi eta egutegia ere azaltzen da. Hau da, astelehenetik ostiralera, 7.30tatik 20.00tara eta larunbatetan, 9.00-14.00. Domeka eta jai egunetan eta abuztuan ez da zerbitzurik emango.

  Herriko auzo guztietatik  iritsi ziren 109 eskaeretatik 108 onartu dira hasieran, auzo-taxi zerbitzurako. Aurrera begira, erabiltzaile txartela eskuratu nahi duten auzotarrek, eskaera, udal bulegoetan egin beharko dute eta baldintzak bete ezkero, txartela egingo zaie.

Iturria: Oñati Irratia