Auzo-konpostaren kudeaketa modu integralean egin eta hobetzeko asmoa du udalak

2018/04/23
Konpostagailu berriak jartzeko diru laguntza eskatu da

   Urteak dira jada hondakin organikoak konposta bihurtzeko auzo-konposta guneak eratu zirela. Horiek berrantolatu eta hobetzeko asmoa dago. Herrian dauden auzo-konpost guneak berrantolatzeko proposamena otsailaren 22ko Landa Garapena batzordean aztertu zen. Konpostagailu handiagoak jarri eta taldeak berregituratzeko aukeraz eztabaidatu zen, eta auzo-konpostaren kudeaketa modu integral batean hobetzeko proposamena lantzea erabaki zen.

  Ugarkalde eta San Lorentzoko auzo-konposta guneetan lehen aldaketak egin dira. Konpostagailu handiagoak jarri dira, 1000 litrokoak, aurrez zeuden 700 litrokoen ordez. Konpostagailu berriak handiagoak ez ezik,  sendoagoak, gogorragoak ere badira. Konpostagailu berriek hondakin organikoen konpostatze prozesua hobetuko dute, tenperatura handiagoa hartzen baitute. Garbiagoak dira, duten materialagatik arratoiek ezin dutelako sartu, eta higienikoagoak ere bai, hartzen duten tenperatura altuan bakteriak ez direlako sortzen edo lehenago hiltzen direlako. Konpostagailu handiagoak jartzean, gutxiago jarri dira eta bertan konposta egiten duten taldeak berrantolatu dira. 

  Asmoa, herriko gainontzeko auzo-konposta guneetan ere, konpostagailu handiagoak jartzea da. Horrezaz gain, egituratzailea hobetzeko txikitze-gailua eskuratzea egokia litzatekeela ikusi da. Landareak kimatzearen ondorioz sortzen den hondakina txikitu eta egituratzaile moduan erabiltzea ahalbideratuko luke, egun, zerrautsa soilik erabiltzen baita. Auzo-konpostaguneak hobetzeko lan eta hornidura guzti hauek 34.848 €ko kostua luke. Inbertsioari aurre egin ahal izateko diru laguntza eskatzea erabaki da PIMA deialdira aurkeztuz. 

Iturria: Oñati Irratia