Auzo konposta guneak eta landa auzoetan egin diren ekarpen mini guneen likidazioak onartu berri dira.

2013/07/08

Hondakinen atez ateko bilketa sistema indarrean jarri aurretik eraiki diren bitarteko ezberdinak ordaintzen hastea erabaki du gobernu taldeak. Sei auzo konposta gune dira orain arte herrian eraiki direnak. Egaralur enpresak egin ditu lanak eta hasiera batetan, 32.000 euroko aurrekontua onartu bazen ere, azken faktura kasik 39.000 eurokoa da.

  Hasierako aurrekontutik likidaziora dagoen alde hori Olapoto eta Errekaldeko auzo konposta guneen leku aldaketari dagokio. Gune hauetan obrak hasita zirela bizilagunen kexak jaso ziren, auzo konposta guneetarako leku egokiagoa proposatuz. Udalak kokapen berriak onartu zituen eta hala eraiki ziren. Baina aurrez egindako lanak lehenetara bueltatu behar izan ziren horrek eragindako kostuarekin.

  Aipatu bi auzo konposta guneak eta San Lorentzon, Ugarkalden eta Bidebarrieta inguruan eraiki ziren beste lauren kostua, azkenean, ia 39.000 euro da.

  Azken hilabete hauetan, landa auzoetan hondakinak gaika biltzeko guneak ere eraiki dira. Guztira, lau ekarpen gune nagusi eta 13 mini gune eraiki dira. Lanok, Mankomunitateak esleitu zituen eta bere gain hartu zituen mini-guneen urbanizazio eta zoladura lanen ordainketa. Udala bere aldetik, mini-guneen itxiturak egiteaz arduratu da. Mini guneak egurrezko itxituraz ixten ari dira. Herrian eraiki diren gehienak, dagoeneko itxita daude, Murgia eta Zumeltzegi Dorre ingurukoak ei dira oraindik bukatu gabe daudenak. Itxitura egitura hauen kostua, 52.000 euro pasatxo da. Gobernu taldeak, lan hauen lehen zatia ordaintzea erabaki berri du. Orain, 20.000 euro ordainduko dira. 

Iturria: Oñati irratia