Auzo bideen konponketa planean jasotako lanak prozedura ireki bidez esleitzeko proposamena aztertuko da gaurko Tokiko Gobernu Batzarrean

2019/07/18
Herri Egunaz eta beste 25 gaiez ere berba egingo da

  Uda-udazken sasoia aprobetxatu ohi du udalak auzo bideak konpontzeko lanak egiteko. Dauden beharrak eta premiak kontutan hartuta urtero plangintza bat osatzen da eta obra guztiak pakete bakarrean esleitu ohi dira. 2019ko konponketa planak jasotako lanak prozedura ireki bidez esleitzeko proposamena egingo du Zerbitzuak eta Landa Garapena batzordeak gaurko Tokiko Gobernu Batzarrean. Lizargarate baserrirako auzo bidean izandako kalteak ere aztertuko dira.

  Landa Garapena arloari dagokionean Herri Egunaz ere berba egingo da arratsaldeko bileran. Nekazarien elkarteak antolatzen ditu Herri Egunaren goizeko ekintzak, ganadu eta bestelako animalien erakusketak eta lore, barazki eta gazta lehiaketak. Horretarako aurrekontua udalak estaltzen du. Aurtengo dirulaguntza zenbatekoa izango den arratsaldeko bileran eztabaidatuko da.

  Urrutxuko zabortegiaren inguruan Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren zuzendariak bidalitako idatzia, Aloabel elkartearen eskariz auzolanean aritu diren bazkideei hobaria aplikatzeko proposamena edota Natur eskolaren 2018-2019 ikasturtearen balantzearen berri ere emango da gaurko Tokiko Gobernu Batzarrean.

  Kultura batzordearen eskutik berriz, Jose de Azpiazu musika eskolari urteko dirulaguntzaren lehen zatia ordaintzeko proposamena ere mahai gainera aterako da. Gaurko Tokiko Gobernu Batzarrerako 27 gaiko lan zerrenda osatu da.

Iturria: Oñati Irratia