Auto ilarak sortzen ari dira Roke Azkune etxaldearen parean, tarteka

2020/01/17
Card image cap
Ur hoditeria hobetzeko lanak egiten hasi dira eta trafikoa semaforo bidez bideratzen ari dira

  Edateko urari dagokion hoditeria aldatzen hasi da Gipuzkoako Urak enpresa. Fibrozementuzko hodi zaharrak kendu eta hodi berriak jarriko dira Roke Azkune etxaldetik San Martingo zubira bitartean. Ondorioz, GI-2630 errepidearen errail bat itxi egin da, erreka aldera dagoen erraila itxi da, errepidea estutuz. Bidea alternoki ematen da eta hori kontrolatzeko semaforoak jarri dira lan gunearen bi muturretan. Semaforoak atzo bertan jarri ziren eta arazoak ere, tarteka, baina berehala sortu ziren arratsaldeko hainbat unetan.

  Trafikoa bideratzeko semaforoetako bat Roke Azkune etxalde parean, Arantzazuko Ama kaleko biribilgunea pasata jarri da. Gorrian jartzen denean lauzpabost auto gelditzea nahikoa da ilarak saihesbiderantz luzatzen hasteko. Bigarren semaforoa berriz, San Martingo zubiaren parean dago, baina ez da inguruko semaforo bakarra, oinezkoen pasabidean beste bat baitago, eta biak ez dira bat etortzen. Ondorioz, Bidaurretatik doazen autoek ere ilarak sortzen dituzte. Udaltzainak bertara hurbildu behar izan dute, autoen joan-etorria arintzeko. Halakoak saiheste aldera, zein beste irtenbide eman aztertzen ari dira, jakinik, lanek hilabete eta erdi iraungo dutela, gutxienez.

  Aldatu beharreko hodiak diametro handikoak dira nonbait eta horretarako makina handia ekarri da lanetarako. Makina behar bezala maneiatu ahal izateko, eta langileen nahiz bidaiarien segurtasuna bermatzeko, errepidearen errail bat ixtea erabaki zen. Lanek, esan bezala, hilabete eta erdiko iraupena izango dute, gutxienez.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!