Auto gidari, oinezko eta bizikleta zaleei zuzendutako argibide eta iradokizunak jasotzen dituzten panelak jarri dira zalantzak sortzen dituzten hainbat guneetan.

2014/09/16
Card image cap
Mugikortasun astearen baitan jarri dituzten panelak, zalantzak argitu eta segurtasun neurriak gogoraraztea dute helburu.

  Kale eta errepideak erabiltzen dituzten kolektibo ezberdinak gogoan osatu dira: auto gidarientzat batzuk, oinezkoentzat beste batzuk eta bizikleta zaleentzat ere bai. Gomendio eta iradokizun ezberdinak ematen dituzten 40ren bat panel jartzen ari dira zirkulazioaren inguruan zalantza sortzen duten guneetan; bidegorrian eta arriskutsu diren zebrabide eta puntu beltzetan. Panelak, gaur hasi den mugikortasun asteak irauten duen bitartean mantenduko dira.

  Baina mugikortasun aste honen baitan ekintza bereziak izango dira ostiral eta domekan.

  Txirrinka taldeak antolatuta, esaterako, gosaria izango da ostiral goizean. Lanera edo eskolara oinez edo bizikletan doazenei gosaria eskainiko zaio Txaketuaneko bidegurutze inguruan. Arratsaldean berriz, bizikletaren erabileraren inguruko bideo emanaldia izango da Santa Ana aretoan, eta ondoren, ikusitakoari buruzko tertulia. Solasaldia errazteko afari merienda eskainiko zaie bildutako guztiei. Ekitaldia, arratsaldeko 7etan hasiko da Santa Ana antzokian, esan bezala.

  Ostiralean bertan, eguerdiko 12etatik aurrera, erdiguneko kaleak autoentzako itxi egingo dira. “Mugikortasun planean” jasotakoa oinarri hartuta, Txaketueneko bidegurutzean eta Ramon Irizar kalerako sarreran hesiak jarriko dira motordun ibilgailuak herri gunera sartzea eragotziz.

  Bitartean, kale inkestak egingo dira herritarren iritzia jasotzeko.

  Domekan berriz, bizikleta martxa egingo da bidegorritik. Goizeko 10.00, Foruen enparantzatik irten eta San Prudentziora joango da eta bertan, Arrasatetik datorren bizikleta martxarekin bat egingo da. San Prudentziotik Zubillagako frontoira denok elkarrekin joango dira. Bizikleta martxa honen partaideei hamaiketakoa eskainiko zaie eta bizikleta bat zozkatuko da.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!