Atzoko ekaitzak Zubikoa kiroldegian eta musika eskolan ur asko sartzea eragin zuen

2015/04/17
Azokako arrandegian eta zenbait garajetan ere, urak gainezka egin zuen

  50 minututan ia 8 litro metro karratuko batu ziren atzo iluntzean lehertu zuen ekaitzaren ondorioz. Bapateko euri zaparrada gogorrak arazoak eragin zituen. Zubikoa kiroldegian esaterako, eraikinaren azpitik doazen hodiek gainezka egin zuten eta ura pasiloan ez ezik, kantxa berdera eta aldageletara ere sartu zen. Teilatutik zetorren euri ur guztia bildu ezinik gainezka egin zuen kantxa ondoko arketa batetik. Ura jaso eta ingurua txukuntzeko bi ordu behar izan zituzten kiroldegiko langileek baina instalazioak normaltasunez ireki dira gaur goizean.

  Jose de Azpiazu musika eskolan ere arazoak sortu zituen bapateko euri jasak. Kanpoko moduloetan ur dexente sartu zen. Musika tresnak garaiz erretiratzeko astia izan bazuten ere, teilatuan eta paretetan sortu ziren kalteak ikusi behar dira. Gaur arratsaldean bertan hasi dira kalte horiek baloratzen.

  Udaltzaingoan bitartean hainbat abisu jaso zituzte. Azokako arrandegian ur asko sartu zenaren abisua eman zuten bertako arduradunek. San Juan kalean eta Kalegoienan ere, arketek gainezka eginda ura garaje eta inguruetan pilatzen ari zela jakinarazi zuten zenbait auzotarrek.

  Parean lehertu zen ekaitzak eragindako euri jasak ordubete eskas iraun zuen baina ur pilaketa eta uholde txikiak eragin zituen.  Ondorengo ordutan euririk egin ez duenez egoera normaldu egin da. Orain, kalteak zenbatekoak diren ikusi beharko da.

 

Iturria: Oñati Irratia