Atzo gauean iritsi ziren Oñatira Ukrainiako lau haur

2019/07/02
Card image cap
Chernobil elkarteak 92 neska-mutiko ekarri ditu Gipuzkoara uda pasatzera

  Guztira, Ukraniako 189 adin txikiko izango dira udan Hego Euskal Herrira etorriko direnak Chernobil elkartearen bitartez. Lehenak, gaztetxoenak, atzo gauean iritsi ziren  Loiuko aireportura eta bertatik, datozen bi hilabeteotan harrera familia izango dituztenen etxeetara. 92 haur horietatik 4 Oñatin daude.

  Oñatira etorri diren haurrak, hiru neska eta mutil bat, herriko hiru familirekin pasako dituzte uztaila eta abuztua. Birentzat lehen aldia da Euskal Herrira datozela eta horietako bat, iaz lehen aldiz etorri zen ahizparekin batera iritsi da ahizpak jada ezagutzen duen familiaren etxera.

  Atzo iritsi ziren neska-mutikoak abuztuaren 28ra arte egongo dira. Horrela, inguru kutsatu batetik irten eta osasuna berreskuratzeko Osasunerako Mundu Elkarteak gomendatzen duen gutxieneko epea beteko dute; urtean gutxienez 40 egun inguru kutsatutik kanpora betetzea gomendatzen da.

  Gure artean emango dituzten kasik bi hilabete horietan haur ukraniarrek bertako edozein neska-mutikoren pareko bizimodua izango dute. Aisialdiko eta kiroletako ekintzetan parte hartuko dute, igerilekura edota ur txorroen parkera joango dira, hondartzara, mendira eta batzuk beste opor herriren batera ere bai, baina garrantzitsuena, kutsatu gabeko elikagaiak jan eta eguzkiaren onurez gozatzea izango da. Horrela, beraien sistema inmunologikoa indartu egingo da eta hurrengo hilabeteak osasuntsu pasatzeko aukera izango dute.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!