Oñatiko udala

Atzerrian egindako ikasketak homologatzeko zerbitzua eskaintzen jarraituko du udalak

2018/02/13
Card image cap
Aholkularitza zerbitzu hau udaletxeko bulegoetan kokatzen da hileko hirugarren asteartean

  Hasieran proba moduan, urritik abendura arte jarri zen martxan atzerrian egindako ikasketak homologatzeko aholkularitza zerbitzu hau gurean. Hilean behin eta hiru orduko zerbitzu presentziala izanik ere, harrera ona izan du, bereziki Oñatira bizitzera etorri diren atzerritarren artean. Lana topatu edo ikasketa berriak egiteko, aurrez beren herrialdetan egindakoak balioztatzea garrantzitsua baita. 2017an zerbitzua bete zen hiru arratsaldetan 6 kasu bideratu ziren.

  Orain, zerbitzua ekainera arte luzatzea erabaki da, ikasturte amaieran balorazio sakonagoa egiteko. Etorkinen eskubideen eta gizarte inklusibo baten alde lan egiten duten Bidez bide elkarteak eman du zerbitzua, orain arte, eta elkarte beraren esku utziko da aurrerantzean ere. Hileko hirugarren asteartean izango da, otsailaren 20an, martxoaren 20a, apirilaren 17an, maiatzaren 15ean eta ekainaren 19an, printzipioz. Egun horietan  15:00etatik 18:00etara izango da zerbitzua udaletxeko harrera bulegoetan. Hitzordua aurrez hartzea gomendatzen da eta bi bide daude horretarako: mezua bidalita bidezbide@hotmail.com helbide elektronikora edo telefonoz deituta, 654 051 231 zenbakira. 

  Atzerriko ikasketak homologatu eta balioztatzeko tramiteetan laguntzeko zerbitzuaren beharra iazko apirilean eman zen hitzaldi batean antzeman zen. Tramite konplexuak dira eta hainbat herritar jakin-minez hurbildu zen hitzaldira. 

Atzerrian egindako ikasketen homologaziorako aholkularitza zerbitzu honetan laguntza zabala ematen da. Konbalidatzeko edo homologatzeko ikasketen identifikazio eta baldintzen inguruan informatzen da; zerbitzura hurbiltzen diren pertsonen ikasketa eta interesen araberako ikaste ibilbideen inguruko informazioa eta aholkuak ematen dira; konbalidazioa edo homologazioa tramitatzeko konpetentzia duten organoetara laguntzen zaie, Donostiara edo behar den beste lekuren batera interesatuarekin joanez; homologazioak aurkezteko formulario guztiak errazten dira eta zerbitzura hurbiltzen diren pertsonen jarraipena eginez.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!