Atzerrian egindako ikasketak homologatzeko aholkularitza zerbitzua eskainiko du udalak

2017/10/16
Abendura bitarteko proba abiatuko da bihar

  Atzerriko ikasketak homologatu eta balioztatzeko tramiteetan laguntzeko zerbitzua eskainiko du udalak urritik abendura bitartean.  Gaia argitu beharra ikusi zen pasa den apirilean. Gaiari buruzko hitzaldia antolatu zen orduan eta hainbat herritar hurbildu ziren tramiteen konplexutasuna dela-eta informazio eske. Jakin-min eta behar hori ikusita, zerbitzua zabaltzea erabaki berri da. Oraingoz, behin behineko zerbitzua izango da eta proba moduan hiru hilabetetan emango da, urria, azaroa eta abenduan.

  Atzerrian egindako ikasketen homologaziorako aholkularitza zerbitzu honetan laguntza zabala emango da. Konbalidatzeko edo homologatzeko ikasketen identifikazio eta baldintzen inguruan informatuko da; zerbitzura hurbiltzen diren pertsonen ikasketa eta interesen araberako ikaste ibilbideen inguruko informazioa eta aholkuak emango dira; konbalidazioa edo homologazioa tramitatzeko konpetentzia duten organoetara lagunduko da, Donostiara edo behar den beste lekuren batera interesatuarekin joanez; homologazioak aurkezteko formulario guztiak erraztuko dira eta zerbitzura hurbiltzen diren pertsonen jarraipena egingo da.

  Zerbitzua etorkinen eskubideen eta gizarte inklusibo baten alde lan egiten duten Bidez bide elkarteak emango du. Zehazki Katia Reimberg izango da zerbitzua emateaz arduratuko dena, apirilean antolatutako hitzaldia eman zuen aditua bera. aholkularitza zerbitzu hau udaletxean eskainiko da. Hileko hirugarren asteartetan izango da, urriaren 17an, azaroaren 21ean eta abenduaren 19an. Hiru egun horietan 15:00etatik 18:00etara izango da zerbitzua. Hitzordua aurrez hartzea gomendatzen da eta bi bide jarri dira horretarako: mezua bidalita bidezbide@hotmail.com helbide elektronikora edo telefonoz deituta, 654 051 231 zenbakira.  

  Zerbitzua bihar bertan jarriko da martxan 15:00tan, udaletxeko harrera bulegoetan.
 

Iturria: Oñati Irratia