Atsedenerako eskubidea aldarrikatuz, gaueko 10etatik aurrera auzune eta etxe tarteetan baloian ezin dela jolastu gogoratu du udal gobernu taldeak.

2014/07/16
Fatxaden kontra aritzea ere guztiz galarazita dago.

  Udako oporrak tarteko gaztetxoen jolas ordutegia luzatu egiten da. Baina zenbait kasutan, kale jolas horiek arazo bihurtzen dira atsedenerako eskubidea eragozten baitute. Horren haritik, udal gobernu taldeak oharra kaleratu du, bereziki baloi jokorako ordutegia eta jolasguneak mugatuz.

  Uda sasoian batik bat, gauetan baloiaz auzunetan jolasteak arazoak sortzen dituenaz jakitun da udala. Sarritan, bizilagunen atsedenerako eskubidea eragozten baitu praktika horrek. Hala, hainbat muga eta debeku daudela gogorazten da udaletik. Fatxaden kontra baloia jaurtitzea guztiz galarazita dagoela azpimarratzen da udaletik zabaldu den oharrean.

  Edozein ordu delarik ere, ezin da etxe kontrara baloiaz jolastu. Debeku hori adierazten duten hainbat kartel daude herriko auzune ezberdinetan. Kartel berriak ere jarri asmo direla dio udal idatziak. Fatxaden kontra ez bada be, auzune eta etxe tarteetan, gaueko 10etatik aurrera baloiaz ezin dela ibili gogorarazten da udaletik. Herrian badira hartarako propio egokituta dauden guneak, normalean etxeetatik urrun. Baloi jolasetan aritzeko gune horiek erabiltzeko deia egin du udal gobernu taldeak. Udalak, aisialdi eta atsedenerako eskubideak egoki uztartzea lortu nahi du. Horretxegatik zabaldu da aipatu jakinarazpena.

Iturria: Oñati irratia