Athlon kooperatibak lortu du puntuaziorik altuena kirol instalazioetan aholkularitza teknikoa eta osasun orientazioa emateko zerbitzuaren lizitazioan

2020/04/28
Card image cap
Dokumentazio osagarria aurkeztu beharko du behin betiko esleipena egiteko

  Eltzia eta Zubikoa kiroldegiko fitness aretoen ardura eta aholkularitza teknikoa ematea, Eltzia eraikinaren kiroldegiko zaintza, kontrol eta arreta zerbitzua ematea eta POZ edo Oñatiko ohitura osasuntsuen aholkularitza zerbitzua eskaintzea da udalak otsailean abian jarri zuen lizitazioaren xedea. Lau enpresa aurkeztu ziren deialdira eta aurkeztutako txosten teknikoak eta eskaintza ekonomikoak aztertu eta baloratu ondoren, Athlon kooperatibak eskuratu du puntuaziorik altuena.

  Esleipena behin betiko izaeraz egin aurretik, dokumentazio osagarria eskatu zaio Athloni, Ogasuna eta Gizarte Segurantzak egindako ziurtagiriak eta behin betiko fidantza ordaindu izanaren agiria, besteak beste. Apirilaren 7an eskatu zitzaion dokumentazioa eta halakoetan, berez, 10 laneguneko epea ematen den arren, alarma egoerak eraginda, epe administratiboak etenda daude, dakizuenez. Egoera normaltzen denean hasiko da 10 lanegun horien kontaketa, ordurako agiriak aurkeztu ez badira, behintzat.

  Oñatiko ohitura osasuntsuen orientazio zerbitzurako egin zuen proposamena erabakiorra izan da lizitazioa Athlon kooperatibaren aldeko izan dadin, lortu zitezkeen 25 puntuak eskuratu baitzituen. Eskaintza ekonomikoari dagokionean lau enpresak parean egon ziren eta fitness gelaren aholkularitza zerbitzua, kontrol eta harrera zerbitzuan berriz, bigarren puntuaziorik altuena lortu zuen Arrasateko kooperatibak. 

  Kirol instalazioetan aholkularitza teknikoa eta osasun orientazioa emateko zerbitzua urtebeterako esleituko du udalak, bi aldeak ados egonez gero, beste hiru urtez luzatu daitekeelarik.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!