Atez atekoaren jarraipen batzordea eratu da.

2013/09/05
Card image cap
Lan esparru, adin talde eta auzo ezberdinetako herritarrez osatutako talde ireki hau datorren asteazkenean elkartuko da.

  Atez atekoaren jarraipen batzordeak, izenak ondo adierazten duenez, uztailean martxan jarri zen hondakinen bilketa sistemaren garapen egokia zaindu eta jarraituko du. Eman diren urratsen eta egoeraren balorazioa egingo du eta akatsik edo hutsunerik antzemanez gero horiek zuzentzeko hobekuntzak proposatu eta adostuko ditu.

  Herritarrez osatutako jarraipen batzorde hau uztailean bildu zen lehen aldiz. Orduan, udalak zuzenean, sektore, adin talde eta auzo ezberdinetako hainbat lagun gonbidatu zituen. Lehen bilera hartan, hainbat kolektiboren ordezkaritza falta zela ikusi zen: elkarte gastronomikoak edota enpresa handietakoak, esaterako. Hurrengo bilerarako hutsune hauek osatzeko  gonbidapenak bideratu dira. Baina taldea ez da itxia eta interesa duen edozein herritarrek parte hartu ahal izango du. Horretarako, bilerara agertu besterik ez da egin beharko. Atez atekoaren jarraipen batzordea datorren asteazkenean, irailaren 11an, arratsaldeko 8etan udaletxean elkartuko da.

  Batzordea eratzeko ekimena udalak hartu duen arren, aurrerantzean, mankomunitatearen ardurapean edo, geratuko da. Hondakinen bilketa eta kudeaketa Mankomunitateari dagokio eta batzorde honen funtzionamentua ere bertatik bideratuko da. Mankomunitatea arduratuko da hilean behineko deialdiak egin, informazioa bildu eta banatu, eta bestelako gaiak zuzentzeaz.
Udalak ere parte hartzen du jarraipen batzorde honetan baina ordezkari bakarrarekin. Alkatea izango da udalaren ordezkari bakarra batzordean. Uztaileko lehen bileran, 12 bat lagun bildu ziren guztira, eta asmoa, partaide kopurua maila horretan mantentzea da. Batzordea irekia den arren, lan talde dinamiko eta operatiboa izatea lortu nahi baita.

  Gogoratu, parte hartzeko interesa izanez gero, hurrengo bilera, hilaren 11an, datorren asteazkenean, arratsaldeko 8etan udaletxean egingo dela.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!