Atez atekoaren inguruan Udalak pasa den martxoan hasitako informazio fasea itxi eta parte hartze faseari hasiera emango dio datorren astean.

2013/01/11
Herritarren informazio beharra asetzeko dena den, ostiral arratsaldeetako aurrez aurreko bilera aukerak indartuko dira.

  Ia 800 lagun izan dira atez atekoaren inguruan udalak egin dituen bilera informatiboetan parte hartu duten herritarrak. Halako azkena, asteartean bertan egin zen Zuazola institutuan. Bileretara joan direnek didaktikoak eta argigarriak izan direla esan dute orokorrean, eta hondakinen bilketa sistema berriaz zituzten zalantzak argitzeko aukera eman diela. Udal gobernu taldea ere pozik agertu da herritarren erantzun onarekin, nahiz eta, bileretan, atez atekoaren aurka daudenen iritzi eta hausnarketak faltan bota dituzten. Alde horretatik, eta pasa den martxoan hasitako informazio fasea amaitutzat ematen duten, zalantzak argitzeko ostiral arratsaldeetan egin ohi dituzten zuzeneko bilerak indartu egingo dituzte. Esfortzu berezia egingo dute talde txikitan egin ohi diren bilera hauek ugaltzeko, edo behintzat, herritarrei bilera egiteko ordutegi aukera zabaltzeko. Hala, arratsaldeko ordu bietatik 6ak arte zita egiteko aukera eskainiko da aurrerantzean. Ostiral arratsaldetan joaterik ez dutenentzat zapatu goizak ere eskainiko dira.

  Aurrez aurreko bilera hauek talde txikitan egiten dira, 10-15eko taldetan. Informazioa nahi duen herritarrak udaletxea jo dezake zita eske edo telefonoz bertara deitu: 943.780411 zenbakira.

  Gobernu taldeak bereziki atez atekoaren kontra dauden herritarrak gonbidatzen ditu bilera txiki hauetan parte hartzera, udaberrian indarrean sartuko den hondakinen bilketa sistema berriaren aurka dituzten argumentuak azaldu eta kontratatu ahal izateko.

  Datorren astetik aurrera,  bilerak egingo dira herriko auzuneetan, atari edo portal bakoitzeko arduradunekin atez ateko bilketa sistemaz informatzeko: bilketa puntuak, egutegiak, ordutegiak eta abar zehazteko. 

  Guztia antolatzeko herria zortzi gunetan banatu da. Urtarrilaren 14-15 eta 16an, bilerak egingo dira San Lorentzo, Ugarkalde, Olakua eta Errekalde, Mendiko kale, Bakardadeko Ama eta San Anton kaleetako auzotarrekin bilerak egingo dira. San Lorentzo, Ugarkalde eta Olakuako ordezkariekin ETEOn eta Errekalde eta inguruko kaleetako ordezkariekin kultur etxean. Kasu bakoitzean bi bilera ordu zehaztu dira: goizeko 10etan edota arratsaldeko 7etan. Atari bakoitzeko ordezkariak bilera bakarrera joan beharko du. Duen disponibilitatearen arabera goizeko edo arratsaldeko bilerara. Baina beti ere, atari bakoitzetik ordezkari bat joatea eskatzen da. Honi, bilketa egutegia eta ordutegia azalduko baitzaio eta atari bakoitzarerako proposatzen den bilketa puntua plano bidez.

  Ondoren, atariko ordezkariek bileran esandakoa bizilagunei jakinaraziko diete eta 15 eguneko epea izango dute ekarpenak egiteko. Guzti horiek jasotzeko bigarren bilera erronda egingo da otsailean.

  Parte hartze faseari ekitako puntu honetan eta gobernu taldeak deituta, EMAN AUKERA BAT ATEZ ATEKOARI lemapean, agerraldi publikoa egingo da kultur etxean.

  Bertara, atez atekoaren alde dauden herritar guztiak gonbidatzen dira. Agerraldi publikoa, gaur bertan, arratsaldeko 7etan egingo da kultur etxean esan bezala.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!