Atez ateko bilketa sistema hobetzeko informazio eta parte hartze prozesua datorren astean hasiko da.

2013/01/04
Astelehenean, San Lorentzo 10ean egokitu den bigarren informazio bulegoa irekiko da eta asteartean, hitzaldi informatiboa egingo da institutuko aretoan.

  Orain aste batzuk aurreratu bezala, apirilean jarri asmo da martxan Oñatin atez ateko bilketa sistema. Horren haritik, orain hasi eta martxoa bitartean, parte hartze prozesua gauzatuko da herritarrek izan ditzaketen proposamenak jaso eta sistema hobetzeko helburuarekin. Urtarrilean zehar bilerak egingo dira herriko auzuneetan, atari edo portal bakoitzeko arduradunekin atez ateko bilketa sistemaz informatzeko: bilketa puntuak, egutegiak, ordutegiak eta abar zehazteko.

  Guztia antolatzeko herria zortzi gunetan banatu da. Urtarrilaren 14-15 eta 16an, bilerak egingo dira San Lorentzo auzoa, Ugarkalde auzoa, Olakua auzoa eta Errekalde auzoa, Mendiko kalea, Bakardadeko Ama kalea eta San Anton kaleetako auzotarrekin.

  Hurrengo astean, hilaren 21 eta 23an, bilerak, Santa Marina plaza, Euskadi etorbidea, Kurtzebide kalea, Patrue kalea, Lazarraga kalea, aita Lizarralde kalea, Martzelino Zelaia kalea, Kale Barria, Foruen enparantza, Portu kalea, Kalegoiena, Ramon Irizar kalea, Atzeko kalea eta San Martingo auzotarrekin.

  Utarrilaren 28-29-30ean azkenik, Errementari plaza, Bidebarrieta kalea, Auzabarri kalea, Arantzazuko ama kalea eta ingurukoekin ez ezik, Otadui zuhaiztia, Kale Zaharra, San Juan kalea, Kanpantxo kalea, Unibertsitate Etorbidea, Kurtzekua kalea eta Zubillagako auzotarrekin egingo dira bilerak.

  Egun bakoitzean bi bilera egingo dira, bakotizaren disponibilitatearen arabera goizez edo arratsaldez joan daitezen. Atari bakoitzetik arduradun bat joatea eskatzen da. Bilketa egutegia eta ordutegia azalduko zaie eta atari bakoitzari dagokion bilketa puntua proposatuko zaie plano bidez. Ondoren, atariko ordezkariek bileran esandakoa bizilagunei jakinaraziko diete eta 15 eguneko epea izango dute ekarpenak egiteko. Guzti horiek jasotzeko bigarren bilera erronda egingo da otsailean.

  Landa eremuan bizi direnen kasuan, eta ekarpen guneen kokapenaren gaia, auzo alkateen foroan landu da. Dena den, auzoz auzo ere bilerak egingo dira zerbitzuaren berri emateko.

  Elkarte gastronomikoetako ordezkariekin eta merkatari, ostalari eta lantegietako arduradunekin ere bilerak egingo dira datozen asteetan.

  Baina taldekako bilera horiezaz gain, datorren asteartean bertan, urtarrilaren 8an, hitzaldi informatiboa egingo da institutuko aretoan. Bertara, bereziki, atez atekoaren aurka daudenei joateko deia egiten zaie udaletik, dituzten kezkak azaldu eta horien gainean berba egiteko.

  Bestelako argibideak nahi dituztenentzat bestalde, bigarren informazio bulegoa astelehenean bertan irekiko da San Lorentzoko 10ean, Artxubi taberna ondoan.  

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!