Astelehenean hasiko da INTRA enpresa Oñatiko hiri mugikortasun iraunkorrerako plana osatzeko kale inkestak egiten.

2013/10/11
Helburua herritarren iritzia eta iradokizunak jasotzea da. Herritarrei parte hartzea eskatzen zaie udaletik.

  Uztailean esleitu zitzaion Kataluñako Ingenieria de Trafico, INTRA enpresari hiri mugikortasun iraunkorrerako plana egitea. Lana ez da hutsetik abiatzen, herrian aurretik beste plangintza batzuk eginak baitaude: irisgarritasun plana, bizikleta plana edota energia iraunkorraren inguruko ekintza plana besteak beste. Alde horretatik, enpresak, orain arteko dokumentuak batu eta mugikortasunaren oinarrizko diagnostikoa egiteko datu bilketa egiten dihardu. Lanaren lehen fase honetan, kale inkestak eta faktore ezberdinen inguruko neurketak egingo dira. Hau da, egungo egoeraren argazki modukoa osatuko da. Horretarako, INTRAko teknikariak Oñatira etorriko dira kalean eta herritarrekin landa lan hori egitera.

  Datorren astelehenean bertan hasiko dira herritarrei inkestak egiten. Hiri mugikortasunaren inguruan duten iritzia eta iradokizunak jasotzea da helburua. Kale galdeketak egiten bi astez ibiliko dira, urriaren 14tik 25era. Udalak, herritarren kolaborazioa eskatzen du. Parte hartzeko bide ezberdinak izango dira: kalean topatu genitzaken langile horien galderak zuzenean erantzunez, edota udaleko web orrian sartuta bertan zintzilikatu asmo den galdeketa beteaz.

  Herritarren ekarpena ordea ez da hasierako iritzi emate horretara mugatuko. Egoera hobetzeko egingo diren proposamen konkretuak eztabaidatzeko mugikortasun foroa sortuko da eta horretan ere, herritarrek parte hartzea nahi da. Mugikortasun foro horrek hiruzpalau bilera egingo ditu.

  Parte hartzeko interesa duten herritarrei, udaletxeko telefonoz deituta izena ematea eskatzen da. 943 78 04 11 da udaletxeko telefono zenbakia.

  Hiri Mugikortasun Iraunkorreko Planean, mugikortasuna esanda burura datozkigun faktore ugari integratu beharko dira: oinezkoak, bizikletak eta bidegorriak, garraio publikoa, auto pribatuak eta aparkalekuak, besteak beste.

  Plana, urte amaierarako bukatzea espero da. 

Iturria: Oñati irratia