Astelehenean berrekingo zaie jubilatu eta pentsionisten elkarretaratzeei

2020/09/03
Udako etenaren ondoren astelehen eguerdiro plazan bilduko dira berriro

  Urteko bigarren etenaldia izan da uztaila-abuztukoa, aurrez, alarma egoerak hala eraginda, bi hilabete eta erdiko etena egin baitzuten herriko jubilatu eta pentsionistek udaberrian. Baina uztailaren 7an iragarri zuten bezala, astelehenean, irailaren 7an hain zuzen berrekingo diete aldarrikapen elkarretaratzeei.

  Bizi dugun osasun egoerak agirian utzi du pentsionisten kolektiboaren aldarrikapenetako bat, alegia, osasun eta asistentzia zerbitzu publiko eta unibertsal sendo baten beharra, Eskubide Sozialen Kartak jasotzen duen bezala. 1.080 euroko gutxieneko pentsioa indarrean jartzea eta euskal pentsio sistema publikoa izatearen aldarrikapenak plazara itzuliko dira astelehenean, herriko jubilatu eta pentsionisten eskutik. Elkarretaratzeok 12:00tan hasten dira, plazan. Musukoa edo maskara jantzita izatea eta bi metroko aldea mantentzea eskatzen da.  

Iturria: Oñati Irratia