Astelehenean berrekingo zaie jubilatu eta pentsionisten elkarretaratzeei

2020/05/27
Card image cap
Koronabirusak gaixotu eta hildakoak nahiz osasun eta egoitzetako langileak omenduko dituzte

  Alarma egoerak eraginda bi hilabete eta erdiko etenaren ondoren, jubilatu eta pentsionisten asteroko elkarretaratzeak astelehenean hasiko dira berriro. Ondo bidean, ekaineko astelehenetan errepikatuko dira plazan, 12:00tan, ohikoa denez. Egoera pitin bat arindu den arren, gaixotzeko arriskua mantentzen da eta ondorioz, norberaren burua zaintzeko neurriak hartzea eskatzen dute antolatzaileek. Musukoa edo maskara jantzita eramatea eta bi metroko aldea mantentzea eskatzen da.  
  Asteleheneko elkarretaratzea omenaldi xume bat egiteko probestuko dute herriko pentsionistek eta osasun alarma honetan gaixotu eta hildakoak gogoan hartuko dira. Era berean, osasun langileak eta zaharren egoitzetan ari diren zaintzaile eta gainontzeko beharginak omenduko dira eta gaixotasunari aurre egiteko ahaleginean sarritan babes eskaxarekin eta lan baldintza txarretan ibili behar izan direla salatuko da.

  Bizi dugun egoerak agirian utzi ditu pentsionisten kolektiboaren aldarrikapenetako bat, alegia, osasun eta asistentzia zerbitzu publiko eta unibertsal sendo baten beharra, Eskubide Sozialen Kartak jasotzen duen bezala. 1.080 euroko gutxieneko pentsioa indarrean jartzea eta euskal pentsio sistema publikoa izatearen aldarrikapenak ere plazara itzuliko dira astelehenean, herriko jubilatu eta pentsionisten eskutik.

  Ekainaren 1ean ekingo zaie berriro pentsionisten asteroko elkarretaratzeei, eta aurreko bi urteetan egin duten bezala, ekaina amaitzearekin bertan behera utziko dira, behin behinekoz, irailean, ikasturte berriarekin atzera itzultzeko.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!