Oñatiko udala

Astelehenean amaituko da kiroldegiko mantenu teknikari plazara aurkezteko epea

2019/07/05
Card image cap
Orain arte bost lagunen eskaerak jaso dira hautaketa prozesura

  Lehiaketa-oposizio sistema irekiz beteko du udalak kiroldegiko mantenu teknikari plaza. Langile berriak laboral izaera izango du. Etorkizuneko balizko beharrak betetzeko bestalde, azterketaldia gainditzen dutenekin lan poltsa osatuko da. Bost lagunen eskaerak jaso dira orain arte udaletxeko HAZ bulegoetan baina gehiago aurkeztea espero da, horretarako epea, astelehenean, 15:30tan amaituko baita.

  Kiroldegiko mantenu teknikari lanpostura aurkezteko I Lanbide Heziketa titulua behar da honako lanbide arloetan: elektrizitatea eta elektronika, energia eta ura, eraikuntza eta obra zibila, fabrikazio mekanikoa edota instalatze eta mantentze lanak. B gidabaimena eta euskarari dagokionean, bigarren hizkuntza eskakizunaren maila izatea ere eskatzen da. Hautaketa prozesuan hautagaiek lau azterketa gainditu beharko dituzte: funtzio publikoari buruzko eta egin beharreko mantentze lanei buruzko bi azterketa teoriko, azterketa praktikoa eta euskarazkoa, eskatutako maila agiri bidez egiaztatzen ez dutenek. 

  Merituen atalean berriz, formazioa eta esperientzia baloratuko dira. Horregatik, eskaera orria betetzerakoan, adierazitako formakuntza eta esperientzia guztia egiaztatzen duten agirien fotokopiak erantsi behar dira.

  Kiroldegiko mantenu teknikariaren zeregin nagusia, lanpostuaren izenak berak adierazten duenez, kiroldegiko instalazioen egoeraz arduratu eta mantentze lan orokorrak egitea izango da. Hala, elektrizitatea, eraginkortasun energetikoa, ura eta fluidoen instalazioa, igeltserotza, zurgintza, pintura eta orokorrean, mantentze lanak egin beharko ditu. Udal plantillan hutsik dagoen kiroldegiko mantenu teknikari plaza honi dagozkion oinarriak, udaleko web atarian, www.oñati.eus atarian ikusgai daude.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!