Oñatiko udala

Astelehenarekin, gaur hasi da Debagoieneko erosketa bonoak erabiltzeko epea.

2014/06/02
Card image cap
Une honetan, Oñatin 22 denda daude kanpainara atxikita eta eskualde osoan, 76.

  Baina ekimenarekin bat egiteko ekaina amaierara arteko epea dute. Beraz, oraindik, dendari gehiago atxiki daitezke Mankomunitateak babesten duen promozio kanpaina berezi honetara. Interesa duten dendariek, dagokien eskaera orria beteta Udal bulegoetan utzi behar dute. Orriarekin batera jarduera ekonomikoaren epigrafearen agiria ere aurkeztu behar dute. 

  Hala egin dute dagoeneko 22 dendek. Zerrenda, www.debagoiena.net atarian ikusi daiteke. Programara atxiki diren herriko dendak ez ezik, eskualdeko gainontzeko herrietakoak ere web atarian jaso dira. Une honetan, Debagoieneko 76 dendek bat egin dute erosketa bonoen kanpaina honekin. Eta bitartean, herritarrak, erosketa bono horiek eskuratu dituzte eta eskuratu ditzakete, Oñatira ekarri ziren 300 bonoak oraindik ez baitira agortu. Debagoieneko erosketa bono hauek udaletxean daude salgai.

  Berez, 25 euroko balioa duten bonoak 20 euroren truke saltzen dira. Falta diren 5 € horiek Mankomunitateak berak jarriko ditu. Hala, 10.000 €ko partida bideratu du eskualdeko txikizkako merkataritza sustatzeko kanpaina honetara. Herritar bakoitzak bono bakarra erosi ahal izango du, eta hori kontrolatzeko, bonoa eskuratzerakoan nortasun agiria erakutsi beharko da.

  Ekaina hastearekin batera gaur hasi da bonoak gastatzeko epea. Hilaren 30a bitartean, Debagoieneko erosketa bonoak erabilgarri izango dira. Erosketa bakoitzeko bono bakarra eta osorik erabili beharko da.

  Debagoieneko txikizkako merkataritzaren aldeko sustatze eta promozio kanpaina honetan Mankomunitateak, Foru Aldundiaren eta merkataritzaren dinamizaziorako bulegoaren laguntza izan du.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!