Asteburuan “Amama” filma zazpi aldiz emango da

2015/10/14
Card image cap
Estatu mailako estreinaldia den egun berean Oñatin ere ikusi ahal izango da

  Asier Altuna bergararraren filmak baserriaren eta kalearen eta belaunaldien zein generoen arteko talka ditu oinarrian. Azken Donostiako Zinemaldian, Sail Ofizialean lehiatu zen eta Irizar Saria jaso zuen.

  Zinemaldian harrera ona izan zuen filmak. Orain, ikusleen txanda da eta horretarako aukera izango da ostiraletik aurrera, orduan estreinatuko baita estatuko zine aretoetan. Eta Oñatin ere bai. Ostiraletik astelehenera helduei zuzendutako emanaldietan Amama filma pantailaratuko da gurean. Euskaraz, jatorrizko bertsioan alegia emango da ikustera eta herritar asko joatea aurre ikusten denez, ohikoak baino bi emanaldi gehiago programatu dira. Hala, helduen emanaldiak bost izan ordez zazpi izango dira asteburu honetan. Amama filma, ostiral gauean, eta larunbat, igande eta astelehen arratsalde eta gauetan pantailaratuko da. 

  Iraia Elias, Kandido Uranga, Klara Badiola, Ander Lipus, Manu Uranga, Amparo Badiola eta Nagore Aranburu ditugu Amama filmeko aktore nagusiak.103 minutuko iraupena du eta kale eta baserri giroa, iragana eta etorkizuna eta guraso eta seme-alaben arteko gatazka islatzen du. Etxeko amama, aldatzen ari den munduaren lekuko isil berezia da filman. 

  Amama filma beraz, estreinatzen den asteburu berean Oñatin ikusgai izango dugu. Herrian nahikoa zabalduta zegoen zurrumurrua gaur bertan baieztatu digu zine aretoko kudeaketaz arduratzen den enpresa arduradunak.
Haurren emanaldietan berriz, La casa mágica animaziozko filma belgikarra pantailaratuko da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!