Asteazkenean egingo da udaleku irekietako plazen zozketa

2021/05/03
Card image cap
Emaitzak emailez jakinaraziko zaizkie familiei

  400nen bat eskaera-orri jaso dira udaleku irekietan parte hartzeko. Batzuetan batera joan nahi duten bi eta hiru haurren izenak eman dira, beraz, 500etik gora haur matrikulatu direla uste dute udal arduradunek. Hainbat haurren izen-ematea bikoiztuta dagoela ere ikusi dute. Horregatik, eskaera-orri guztiak errebisatuko dira gaur-bihar bitarte, behin betiko izen-emate zerrenda osatzeko eta hori oinarri hartuta egingo da etzi, maiatzaren 5ean, udaleku irekietako plazen zozketa.

  Udaleku irekietan parte hartuko duten haurren kopurua mugatu egin da aurten, lehen aldiz. 400 neska-mutikok parte hartu ahal izango dute eta plazak zozketaz esleituko dira, esan bezala. Asteazken goizean egingo da plazen zozketa eta emaitzak posta elektronikoz jakinaraziko zaizkie familiei. Plaza lortu den ala ez zuzenean jakinaraziko da; ez da zerrendarik argitaratuko.

  Zozketa eskaeraka egingo da, hau da, bi edo hiru izen dituzten eskaerak bakar moduan hartuko dira. Aldi berean izena eman duten haur guztiek udalekuetan parte hartzen dutela, edo ez, ziurtatuko da horrela. Familiek zuzenean egin duten eskaera izan da, familiako haurren bat udalekuetara joan ezinda geratu ez dadin. Zalantzaren bat dutenek udalekuen kanpainarako aktibatu den telefonora deitu dezakete, hau da, 688 78 66 59 zenbakira deitu dezakete.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!