Aste honetan abiaraziko dira San Lorentzoko 3. eta 4. areari dagozkion irisgarritasun lanen lizitazio prozesuak.

2013/07/16
Auzoan hirugarren igogailua jarri eta honen abiapuntua izango den plazoletako zoladura berritzeko lanak, urte amaierarako egin nahi dira.

  San Lorentzoko irisgarritasun lanak goialdeko azken aurreko plazatxoan egingo dira, Aldapa taberna ondoko plazatxoan. Inguru berean bi lan nagusi egingo direnez, bi areatan eta aparteko bi lizitazio prozesutan banatzea erabaki da. Batetik, igogailua jarriko da San Lorentzo Auzoa 45-47 eta 53-54 zenbakien plazen arteko desnibelari irtenbidea emanez eta bestetik, igogailuaren abiapuntua izango den San Lorentzo auzoa 28-29 eta 45-47 zenbakien arteko plazoletako zoladura berritu egingo da, ingurua, irisgarritasun neurrietara egokituz.

  Bi lanok, publizitaterik gabeko prozedura negoziatua erabiliz esleituko dira. Prozedura bakoitzari dagozkion baldintza pleguak gobernu taldeak ostegunean egin zuen bileran onartu ziren eta aste honetan jada, lizitazioan parte hartzeko gonbidapenak luzatuko zaizkie hiruzpalau enpresei. Horretan baitatza publizitaterik gabeko prozedura negoziatua. Enpresei, egin asmo diren lan eta baldintzen berri ematen zaie eta lizitazioan parte hartzera gonbidatzen dira egoki deritzoten eskaintza ekonomikoa aurkeztuz. Lanak, proposamen merkeena egiten duenari esleituko zaiola jakinik.

  San Lorentzo Auzoan kokatuko den hirugarren igogailua, 45-47 eta 53-54 zenbakien plazen arteko desnibelari irtenbidea emateko instalatuko da. Arrapala egiteko aukera aztertu zen baina oso luzea izan beharko lukeenez, igogailua jartzea hobetsi zen.

  Igogailuaren instalazioa egin ahal izateko gainera, plazoleta azpian dagoen garajeetako bat eskuratuko du udalak. Lanok, ia 165 mila euroko aurrekontua dute.

  Aipatu plazoleta azpiko garajeek duten ur filtrazio arazoa konpontzeko bestalde, iragazkaizte lanak egin dituzte bertako jabeek. Udalak, bere aldetik, goiko zoladura berrituko du eta ingurua irisgarritasun neurrietara egokituko du. Lan hauek 239 mila euroko aurrekontua dute.

  Bi lanek, aparteko prozeduran esleituko diren arren, esan bezala, epe berbera dute, hiru hilabeteren buruan egin beharko baitira eta beti ere, urte amaierarako bukatuta egon beharko dira.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!