Asfaltatze lanak egingo dituzte gaur Aita Madina kalean eta astelehenean Bidebarrietan

2015/04/24
Ondoren, bizikletentzako bideak margotuko dira erdiguneko kaleetan

  Gaur arratsaldean, 14:00etatik aurrera, asfaltatze lanak egingo dituzte Aita Madina kalean. Aparkaleku inguruan bidea zartatuta dago eta gune hori eta beste zulo handi bat estaliko dira. Kalea ez da erabat moztuko baina tarteka, beharra badago, trafikoa etengo dela jakinarazi digute udaltzaingotik.

  Astelehenean berriz, Bidebarrieta kaleko oinezkoen bi pasabide asfaltatuko dira, kota altxatuz. Lanak, Bellotza denda pareko zebrabidean hasiko dira eta lanak egiten diren bitartean, Bidebarrieta kalea pare horretan itxiko da. Ibilgailuak, Motxon kaletik behera bideratuko dira. Ondoren, Zurrust pareko zebrabidea altxatuko da eta errepidea berriro itxiko da, autoak, kiroldegi ondoko biribilgunean San Juan kaleruntz bideratuz.

  Bidebarrieta kaleko asfaltatze lanok, astelehenean, goizean zehar egingo dira. Arratsaldean, eta eguraldiak hartarako aukera ematen badu, margotze lanak egingo dira. Zebra bideak ez ezik, bizikletentzako bideak ere markatuko dira kalearen erdialdean, Otadui zuhaiztian dagoen moduan. Herri barruan, auto eta bizikleten bideak, elkarbizitzarako bide gisa markatuko dira. Bizikleta bideak, lerro gorri jarraiaz margotuko dira honako kaleetan  Lizaur kalean, Unibertsitate Etorbidean, Portu kalean, Bakardadeko Ama kalean eta Bidebarrieta kalean. Errekalde auzoan daudenak ere berriro margotuko dira datorren astean zehar.

  San Martin auzoaren goialdean bestalde, gaur hasi dira aurrez asfaltatutako guneak margotzen. Ez dute gaur amaituko eta astelehenean ere horretan jarraitzea aurre ikusten da. Asfaltatze eta margotze lanak guztiz bukatutakoan irekiko da San Martinetik Murgia auzora joateko bidea, azken bi asteetan itxita egon den bidea.

 

Iturria: Oñati Irratia

Bizikleta bidea Kale Zaharrean