ARTEAK IREKI plataformarekin bat eginez elkarretaratzea, kontzertu eta bertso saioa izango dira larunbatean

2019/03/21
Card image cap
Taberna eta lokaletan kultur emanaldiak mugatu nahi dituen dekretuaren kontrako mobilizazio eguna izango da

  Ostalaritza lokaletako zuzeneko emanaldiak mugatuko dituen dekretua prestatzen dihardu Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak. Kaleratu diren berrien arabera, taberna edo lokal bakoitzean, hilabetean bi ikuskizun bakarrik antolatu ahal izango dira  eta urtean hamabi gehienez.

  Dekretuak ez die musika kontzertuei soilik eragingo, antzerki, performance, bertso saio, DJ sesio edota erakusketei ere eragingo baitie. Artista eta sortzaileen kontrako neurria ez ezik, tabernari eta lokal jabeen kontrakoa ere badela dio ARTEAK IREKI plataformak. Doako sarrerekin izan ohi diren zuzeneko emanaldi hauek programatuta, diru-sarrera txiki baina garrantzitsua izaten dutelako ostalariek.

  Larunbata protesta eta aldarrikapen eguna izango da Euskal Autonomia Erkidego mailan eta baita Oñatin ere. Bete ditzagun tabernak, babestu dezagun Kultura da eguneko lema. 12:00tan, Kulturaren kontrako erasorik ez! kontzentrazioa egingo da plazan eta manifestua irakurriko da.  Ondoren, herriko musikarien kontzertua izango da Pako tabernan eta arratsaldean, 17:30tan, VIII. Txinparta bertsolari txapelketako lehen kanporaketa Gaztetxean.

  Sortzaileak nahiz kultur kontsumitzaileak ekintzetan parte hartzera gonbidatzen dituzte antolatzaileek.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!