Arte udalekuetarako begiraleak kontratatzeko deialdi berria egin du udalak.

2014/06/20
Euskara ezagutzari dagokion baldintza aldatuta, izen emate epe berria ireki du, gaurtik astelehenera bitartean.

  Aurreko deialdian, EGA edo 3. Hizkuntza Eskakizunaren mailako titulazioa izatea eskatzen zen. Orain, pareko ezagutza maila eskatzen da baina ez da egiaztagiririk aurkeztu behar. Hala, agiririk presentatzen ez dutenei euskarazko azterketa-froga egingo zaie, aipatu ezagutza maila badutela egiaztatzeko.

  Aldaketa horrek, izen emate epe berri bat irekitzea ekarri du. Aurrekoa baino dexentez laburragoa eta hiru lan egunetara mugatzen dena. Arte udalekuetako begirale izateko interesa dutenek, eta aurrez izena eman ez dutenek, gaur, bihar edo astelehenean egin dezakete. Eskaerak, udaletxeko bulegoetan aurkeztu behar dira.

  Euskararen ezagutza maila egiaztatzeari buruz egin den aldaketa da aurrez zehaztu zirenekiko egin del aldaketa bakarra. Bestelakoan, 18 urte beteta izatea eta arte ederretako graduaren lehenengo bi ikasturteak edo baliokideak diren beste ikasketa batzuk gaindituta izatea eskatzen da.

  Horrezaz gain, formazio akademiko osagarria eta esperientzia merituak baloratuko dira. Hala, gutxienez behar den Arte ederretako graduaren 2. ikasturtetik gora kurtso gehiago gaindituta izatea, marrazketa, margotze edota eskulturarekin harremana duten prestakuntza ikastaroak egin izana edo euskararen inguruan, 4. hizkuntz eskakizuna edo baliokidea den maila izatea bereziki baloratuko dira. Arte udalekuetan begirale gisa esperientzia izatea, artearen inguruan irakasle lanetan jardun izana eta oñatiarra izatea ere kontutan hartuko dira.

  Meritu horiek baloratzeko, eskaera orriarekin batera dagozkion agiriak aurkeztu beharko dira.

  Ekainaren 30tik uztailaren 24ra egingo diren arte udaleku hauek, 12-16 urte bitarteko gaztetxoei zuzenduta daude eta goizez egingo dira. Udalak bi begirale kontratatuko ditu, lau astetarako eta goizeko 9.30tatik 13.30tara arteko lanaldia betetzeko.

  Aurreko deialdian bi lagunen eskaerak jaso ziren. Baina orain, euskara ezagutza maila ziurtatzeko baldintza aldatuta, gehiago jaso daitezke. Izena emateko epe berria, astelehenean, arratsaldeko ordu bietan amaituko da.

Iturria: Oñati irratia