Arte udalekuetarako begiraleak hautatzeko bigarren deialdia egitea proposatuko da gaurko Tokiko Gobernu Batzarrean

2018/04/19
Card image cap
Bi lagun bakarrik aurkeztu ziren aurreko deialdira

  Uztailean egingo diren arte udalekuetarako bi begirale kontratatzea aurre ikusten da baina hautaketa aukera zabaltzearren, begirale izateko gertu leudeken lagun gehiagori parte hartzeko bidea ematea eztabaidatuko da gobernu taldearen bileran. Hautaketa prozesua zuzenduko duten oinarriak zehaztuko dira eta bigarren deialdi bat egitea proposatuko da. Ez da lehen aldia udako aisialdi eskaintzei erantzun ahal izateko udalak kontratatuko dituen begiraletarako deialdi bat baino gehiago egiten dela.

  Arte udalekuetan begirale lanetan aritzeko bigarren deialdia egitea, gaurko Tokiko Gobernu Batzarrerako jaso den gaietako bat da, esan bezala. Lan zerrendan 79 daude guztira. Asko, etxe partikularretan konponketa edo berritze lanak egiteko baimen eskaerak dira. Hirigintza eta Zerbitzuak batzordearen eskutik eramango dira gai horiek arratsaldeko bilerara. Usoen arazoari aurre egiteko proposamena ere aurkeztuko du batzordeak gobernu batzarrera. Uso ugari dago herrian. Orain urte batzuk dela, hegaztiak plaza ingurutik uxatzeko, arkupetan iltzeak eta antzerako sistemak jarri ziren. Plaza aldean gutxitu ziren baina herriko beste gune batzuetara zabaldu ziren usoak, eta arazo izaten jarraitzen dute. Gaia, arratsaldeko bileran eztabaidatuko da.

  Aztikerrek bideratuko duen Partaidetzazko aurrekontuak gaia ere Tokiko Gobernu Batzarrera eramango da. Prozesua zertarako eta nola gauzatuko den jakinarazteko, eta herritarrak parte hartzera animatzeko, informazio triptikoak argitaratzea erabaki da. Nola eta nork egin eztabaidatuko da arratsaldean. Eltzian desfibrilagailua jartzeko proposamena ere aurkeztuko zaio gobernu taldeari.     

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!