Arrikrutzen karakol berri bat aurkitu dela eta bisita gidatu berezia antolatu da zapaturako.

2012/05/31
Carlos Prietok Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eta karakola topatu duenak gidatuko du.

  Arrikrutzen aurkitu den karakol berria kobazuloetan bizi den espezie berezia da. Burgosen ere antzekoak topatu ziren Salvada mendizerrako Las Paules koban. Baina, era honetako karakolak koba barrutan, isolatuta bizi direla kontutan hartuta, bilakaera ezberdina dute toki batetik bestera.

  Euskal Herria, Frankfurt eta Eslobeniako unibertsitateetako ikerlari talde batek aurkitu zuen kobazuloetako barraskilo espezie berri hau. Oñatin, bi kobetan topatu zen, Sandailin eta Arrikrutzen.

  Aurkikuntzaren berri eman eta orokorrean Arrikrutzen bizi diren animali eta organismoei buruz argibideak emateko, bisita gidatu berezia antolatu da zapatu goizerako. Carlos Prietok, lehen aipatutako ikerlari talde horretako partaide den unibertsitate irakasleak gidatuko du. Arrikruztik irten gabe, bizitza osoa kobazuloan egiten duten troglobioei buruz berba egingo du baina baita, topatu daitezkeen arrain edo anfibioei buruz. Arrikrutzen gaur egun bizi diren animalia espezie ezberdinak eta hauek aurkitzeko egiten diren ikerketez argibideak emango ditu.

  Doan izango den bisita hau, ohiko pasarelatik kanpora egingo da. Segurtasun arazoengatik beraz, 16 urtetik gorakoei zuzenduta dago. Bisitak 3 orduko iraupena izango du, 10etatik ordubatera. Interes aduenak, aurrez, izena eman behar du Arrikrutzeko erreserba telefonora deituta: 943.082000 zenbakira deituta.

  Datorren astean bestalde, 5 urte beteko dira Arrikrutz bisitarientzat ireki zela.
Hori gogoan, aurten ere oñatiarrei zuzendutako bisita bereziak antolatu dira, ekainaren 12 eta 15erako. Bi egunetan, arratsaldeko 5etan egingo diren bisitak herritarrentzat propio egingo dira. Hauei ere, Arrikrutzeko barraskiloa erakutsiko zaie. Bisita pasarelatik egingo denez, ez da inolako adin mugarik jarri. Hori bai, doan izango diren bi bisita hauetan parte hartzeko ere, izena aurrez, Arrikrutza deituta eman behar da.