Arrikrutzeko lehoia Donostiako San Telmon ikusgai dago gaurdanik

2018/11/15
Card image cap
Juan Luis Arsuaga Atapuercako zuzendariak hitzaldia emango du Oñatin, erakusketa borobiltzeko antolatu diren ekintza osagarrien baitan

  Azken hilabeteetan Burgosko Giza Garapenaren Museoan erakutsi den Arrikrutzeko lehoia Donostiako San Telmora ekarri da eta bertan, otsailaren 10era arte egongo da ikusgai. Lehoiaren hezurduran oinarrituta Pleistozenoan sakontzen du Arrikrutzeko lehoia izena duen erakusketak, pieza nagusia, 1966an Arrikrutzen topatu zen lehoi hezurdura baita. Burgosen egin zen bezala gainera, hezurrak solte erakutsi beharrean, zutik jarri dituzte bitrina berezi batean, eta horrek are ikusgarriago egiten du.

  Arrikrutzeko lehioia 1-1,2 metroko altuera eta 250en bat kiloko pisua zuen lehoi heldu bat dela uste da. Egungo arrak baino handiagoa beraz. Baina Arrikrutzeko beste galeria batean, handiagoa litzatekeen bigarren lehoi baten izterrezurra topatu zen, eta honek 330 bat kilo pisatuko lituzkeela uste da. Bigarren hezur hori ere San Telmon ikusgai dago, beste hainbat piezekin batera. Izan ere, Goi Pleistozenoa hobeto ezagutzeko aukera ematea baita erakusketaren helburua. Haitzuloetako lehoiaren garaikideak ziren hienen, lehoinabarren, leizeetako hartzen eta asiar txakur basati baten aztarnak bildu dituzte erakusketan. Animaliei lotutako objektu eta erreplikez gain, labar artearen irudiak ere badaude, gizakiak felino handi horiekin bizi izan baitziren. San Telmo museoan gaur ireki da ofizialki Arrikrutzeko lehoia erakusketa eta bertan mantenduko da otsailaren 10a arte.

  Erakusketarekin batera dibulgazio liburu bat argitaratu du Aranzadi zientzia elkarteak. Arrikrutzi buruzko lan monografiko honetan Asier Gomez ikerlariak, Arantza Aranburu geologia adituak edota AMET espeleologia taldeko Martin Arriolabegoak idatzitako artikuluak bildu dira. Liburu horren aurkezpena abenduaren 11an egingo da Oñatin. Egun eta testuinguru berean, Juan Luis Arsuaga Atapuercako zuzendariak lehoien inguruko hitzaldia emango du Kultur etxean. Arsuaga Donostian ere izango da hurrengo egunean, abenduaren 12an Climas, ecosistemas y evolucion humana izeneko hitzaldia eskainiz. San Telmon beste hitzaldi batzuk ere izango dira, Asier Gomez erakusketaren komisarioa, Jesus Altuna eta Iñaki Zubeldiak emango dituztenak, besteak beste. 

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!