Arrikrutzeko kobara ekarriko da bertan aurkitu zen lehoiaren buru-hezurraren erreplika

2019/01/22
Foru Aldundiaren eskaintza onartu da

  Arrikrutzen topatu zen lehoi-hezurduraren  ikerketaren haritik, kaskezurraren 3D irudiak atera ditu Foru Aldundiak. Irudi horiek oinarri hartuta Arrikrutzerako erreplika egitea erabaki da. Arrikrutzelo lehoiaren buru-hezur erreplikak erabilpen aukera ugari eskainiko dizkie Arrikrutzeko hezitzaile-gidariei, bai bisita arruntetan, baina bereziki, eskoletako ikasleei zuzenduta egiten diren bisita berezietan,  azalpenak modu grafikoagoan emateko bidea emango baitie.

  Alfa Arte enpresak egingo du Arrikrutzeko lehoiaren buru hezurraren erreplika eta 2510 euroko aurrekontua izango du, BEZa kanpo.

  Arrikrutzeko lehoiaren hezurdura 1966an topatu zen. Urteetan gordeta egon da eta iazko martxoan Burgosko Giza Eboluzioaren museoan ikusgai jarri zen. Handik Donostiako San Telmo museora ekarri zen azaroan eta bertan ikusi daiteke otsailaren 10era arte. Ondoren, Diputazioaren Gordailura eramango da berriro. Erakusketa horiek hainbat ikerketa abiatu eta argazki eta bestelako irudiak ateratzeko probestu dira. Aipatu erakusketak aurkezteko Arrikrutzen topatu zen lehoiaren buru-hezurraren irudia erabili zen. Kobara, kaskezurraren erreplika ekarriko da.

Iturria: Oñati Irratia